Aurten ere Arnasa Gara ekimenak 'Arnasetik' bideosormen lehiaketa antolatu du, bosgarren edizioa dena. Txapelketa zuzenduta dago euskeraren arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteei, «euren hizkuntza ohituren eta herrien inguruan gogoeta pizteko».
Edizio honetan 230 lan aurkeztu dira, eta 34 udalerri ordezkatu dira, horien artean Hernani. Bideosormen lanak hiru ataletan daude banatuta, gaiaren araberakoak: LH5 eta LH6ko ikasleek herriko berezitasun eta esamoldeei buruzko galdera-erantzun lehiaketa bat burutu behar zuten, 'Dakienak, ba al daki?' lelopean; DBH1 eta DBH2 mailakoek landu behar zuten arnasgune batera iritsi berri den ikaskide bati ongietorria nola egin, 'Ongi etorria' erronkari erantzunez; eta DBH3 eta DBH4koek, azkenik, sare sozialetako hizkuntza-erabileei buruzko gogoeta egin behar zuten, 'Eusle mode on' erronka landuz.
Horrela, gaur banatuko dituzte sariak, Lekeitioko Ikusgarri zineman, 17:30etan. Sei sari banatuko dira guztira; kategoria bakoitzeko lan bakoitzak, epaimahaiak aukeratuta, 500 euroko sari bana jasoko du. Bestalde, publikoaren saria ere banatuko da, bozketa ireki bidez hautatua (4.200 bozkatik gora jaso dira). Sari hauek euskerazko produktu edo ekintzetan erabili ahal izango diren opari-bonuak dira; besteak beste ikasbidaian, IrriSarri Landen, Gure Zirkuan eta Durangoko Azokan gastatzeko.