Oxan Altunak irabazi du Hernaniko Xake Txapelketa Herrikoia

Julen Borreguero Fernandorena

Hernaniko Xake Txapelketa Herrikoiaren sarituen argazkia.

Pasa den igandean jokatu ziren finalak Kixkal tabernan. Iosu Used geratu zen txapeldunorde.

Jon Altuna 'Oxan' izan zen Kixkal tabernan jokatzen den Hernaniko Xake Txapelketa Herrikoiaren irabazlea. Pasa den igandeko finalean menderatu zuen Iosu Used astigartarra, txapeldunorde geratu zena. Joxe Angel Ijurko 'Magi' hernaniarrak osatu zuen podiuma, eta berak irabazi zuen hernaniar onenari ematen zaion saria.

Arratsaldeko 16:00etan hasi zen jardunaldia. Lehendabizi finalerdiak jokatu ziren: Iosu Used 'Magi' Ijurkoren aurka, eta Javier Oliva 'Oxan' Altunaren aurka. Horrela, finalera pasa ziren Altuna eta Used, arratsaldeko 18:00etan jokatu zena. Altunak eta Olivak ordubeteko lehen partiduan berdindu egin zuten, baina partidu azkarrean irabazi zuen Altunak. Bestalde, Iosu Used astigartarra zen faboritoa final haundian, ligaxka faseko bost jardunaldiak zein Ijurko hernaniarraren aurkako finalerdia irabazi baitzituen, hau da, partidu guztiak irabaziak zituela iritsi zen finalera. Halere, Altuna izan zen txapeldun.

Berdindua izan zen finala, hiru partidu jokatu behar izan zituzten. Ordubetekoa berdindu egin zuten, baita lehenengo partidu azkarra ere. Bigarren partidu azkarrean nagusitu zen Altuna, txapela eskuratuz. 

 

Gainontzeko kategorietan ere, berdintasuna nagusi

Txapelketa nagusikoaz gain, beste hiru kategorietako finalak ere jokatu ziren. Haurrena irabazi zuen Hugo Lanz astigartarrak, Asier Eizagirre hernaniarra garaituta. Lehendabiziko partidua berdindu zuten, eta bigarrengoan menderatu zuen astigartarrak hernaniarra.

50 urtetik gorakoen artean onena izan zen Joxerramon Altuna, Julian Romerori finala irabazi ondoren. Finalerdieran garaitu zituzten, hurrenez hurren, Julen Lizaso eta Natxo Used. Hauek ere, finalean ordubeteko partidua berdindu zuten, eta bigarrengoan nagusitu zen Altuna.

Azkenik, federatu gabekoen kasuan, Aitor Ortizek Mikel Lukas menderatu zuen finalerdian, baita Juankarrek Ainhoa Herreros ere. Finalean Ortiz nagusitu zitzaion Juankarri.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!