12garrenez jokatuko da Karabelgo Krosa aurten, eta abenduaren 13rako jarri du hitzordua Belkara auzo elkarteak, igandearekin. Joan den urtean bezalaxe, hiru lasterketa izango dira, adinaren arabera banatuta, distantzia ezberdinetakoak. 5-10 urte bitartekoak izango dira abiatzen aurrenekoak, goizeko 10:30etan, 700 metroko ibilbidea osatzeko. Segidan, 11-16 urtekoak ariko dira 11:00etan, 2,5 kilometroko ibilbidean. Eta azkenik, 11:30etan abiatuko da lasterketa nagusia, 17 urtetik gorakoentzat: 9 kilometro egingo dituzte.
Helduen probarako, izenematea zabalik dago herrikrosa.eus webgunean, 10 euroan. 150 korrikalarirentzat dago tokia.
Gaztetxoentzat, berriz, doakoa izango da partehartzea, baina izena eman beharko dute, egunean bertan, Belkara auzo elkartearen egoitzan.