Elikagaien xahuketa murrizteko sentsibilizazio kanpainaren berri eman du, Hernaniko Udalak

Julen Borreguero Fernandorena

Ainara Atorrasagasti Ingurumen zinegotzia eta Vermican aholkularitzako Ane Zubizarreta

Brasilgo CIDES eskualdekoek bisitatuko dute Hernani bihar, herriko hondakinen kudeaketa sistema ezagutzeko. 

Hondakinen Prebentziorako Europako Astea den honetan, Hernaniko Udalak elikagaien xahuketa murrizteko sentsibilizazio kanpainaren berri eman du (Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin osatu duena), baita azken hilabeteetan egindako ekimenen berri ere.

Ainara Atorrasagasti Ingurumen zinegotziak azaldu bezala, «hondakinik onena sortzen ez dena da». Horrela, Udalak elikagai sortzaile haundiengan, ikastetxeengan eta herritarrengan eragin nahi du. Bestalde, Atorrasagastik berak adierazi du elikagaien xahuketa ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen ikuspegitik landu beharreko erronka dela: «Elikagaiak alferrik galtzeak baliabide naturalen erabilera ez-eraginkorra eta hondakin gehiago sortzea dakar. Horregatik, funtsezko tresna da hondakinen sorrera murriztea, baliabideak hobeto aprobetxatzeko eta ekonomia zirkularra sustatzeko». 

 

Elikagai sortzaile haundiekin harremanetan, Udala

Hernaniko elikagai sortzaile haundiekin «xahuketaren inguruko zuzeneko lanketa» egin du Udalak azken hilabeteetan. Alde batetik, 2025eko apirilaren 2ko 1/2025 legeak (elikagaien galeren prebentzioari buruzkoak) ezartzen dizkien betebeharren berri eman nahi izan die, baita zalantzak argitzen lagundu ere. Azaroaren 10ean egin zen sortzaile haundien foro parte hartzailea, Biterin.

Horrela, 173 establezimenduekin jarri da harremanetan Udala, legezko betebehar berrietara egokitzen laguntzeko eta bakoitzaren egoera ezagutzeko. Bildutako informazioari esker, ikuspegi zabalagoa lortu du Udalak, eta «etorkizuneko prebentzio neurriak zein sentsibilizazio ekintzak haien beharretara egokitzeko lehen pausoa» eman da.

Aurrez aurreko bisita horietan, gainera, gida praktikoa banatu zaie sortzaile haundiei. Bertan bildu dira «elikagaien galerak eta xahuketak saihesteko, baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzeko eta jardunbide egokiak sustatzeko gomendioak».

 

Herritarren artean, kontzientzia piztea

Herriko ikastetxeetan ere gaiaren inguruko sentsibilizazio tailerrak burutu dira. Aratz ikastolan eta Ereñotzuko Txirrita eskolan, jantokian zein ikasgeletan aritu dira lanketa egiten LH5 eta DBH1 bitarteko ikasleak. 

Bestalde, herritarrentzako gida praktikoa banatzen hasi ziren atzo. Bertan biltzen dira azalpenak, praktika onak eta janaririk ez xahutzeko 14 errezeta proposamen. Herritarren Harrera Zerbitzuan, Biterin, Kulturarteko Plaza Feministan eta Ereñotzuko auzo udalean jaso daitezke, baita online ere, hernani.eus webgunean.

 

Brasilgo bisita, Hernaniko hondakinen kudeaketa eredua ezagutzeko

Bihar, Brasilgo CIDES (Triângulo Mineiro de Alto Paranaíbako Herriarteko Garapen Iraunkorreko Kontsorzioa) eskualdeko hautetsi eta teknikariak datoz Hernanira, herriko hondakinen kudeaketa sistema ezagutzera.

Goizeko 09:00etan egingo zaie harrera, udaletxeko areto nagusian, eta ondoren lan-saio bat egingo da. Eguerdiko 12:00etan, berriz, bisita egingo dute hondakinen kudeaketa sistema bertatik bertara ezagutzeko. 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!