«Hernanikomik oso inportantea da gure industriarentzat»

Haizea Solagurenbeaskoa Alkorta

Patxi Huarte 'Zaldieroa', larunbateko Hernanikomik azokan jaso zuen Joseph Camino sariarekin.

V. edizioa ospatu du Hernanikomik euskal komikiaren azokak. Bertan Patxi Huarte 'Zaldieroa' izan da Joseph Camino sariarekin omendua, 30 urteko ibilbidearengatik. Beharretik jaiotako azoka indartzen badoa ere, euskal komikigileen lan baldintzetan inbertitzea eta adimen artifizialari mugak jartzea beharrezkoa dela azpimarratu dute komikilariek.

Hutsune batetik abiatu zen dena. Azokak egin egiten baziren ere, ohartu ziren euskal komigintzak beti aparteko toki bat hartzen zuela bertan. Horregatik, «euskal komigintza zentroan egongo zen azoka edo ekitaldi bat» sortzeko ideia jaio zela azaldu du Ainara Azpiazu 'Axpi' komigileak. Hala ba, komikigintza munduko zenbait pertsona Hernaniko Udalarekin bildu ziren ideia aurkezteko, eta Udalak aukera eman zuen ekitaldi hori herrian egiteko. Azpiazuk azpimarratu du «Hernanin eginagatik ere ez dela Hernaniko festa bat», baizik eta «euskal komikigintzaren festa bat», mundu guztiari zabaldua. Izan ere, euskal komikia protagonista bakar duen Euskal Herriko ekimen bakarra da. Gaineratu du Hernaniko Udalak zein antolakuntzak izaera hori nabarmentzeko lan handia egin dutela eta «urtetik urtera indarra hartzen ari den azoka bat» dela.

«Irakurle batentzat garai polita» dela iritzi du Dani Fano komigileak. Egungo euskal komigintza aberatsa da, ez baitago lerro edota estilo bakarra. «Eta hori seinale ona da» Fanorentzat. Egile gazteak badatozela adierazi du, «kultura askoz handiago batekin». Baita garai batean komikiak zuen underground edo bazterreko fama galdu eta «egun beste adierazpen artistiko baten mailan» dagoela ere.

Euskal komikigintzaren ego­era duela 15-25 urte baino hobe­a bada ere, «inbertitu egin behar» dela argi du Fanok, zehazki komikigileen egoera ekonomikoan. Adibidea jarri du: «Aurten Eusko Jaurlaritzak komikiak sortzeko ematen duen dirua gutxitu egin dute». Igo beharrean, jaitsi egin dute. Testuinguru horretan, azokaren garrantzia berretsi du. Noski, bere alde lukratiboa badu ere, egileak munduarekin konektatzen laguntzen duela azaldu du: «Gure kobazulotik irten, irakurlearekin egon, gure artean egon… hemen sortzen dira mila gauza». Pentsaera bera partekatzen du Azpiazuk: «Oso beharrezkoa den ekitaldi bat da. Euskal egile asko dagoelako, oso egile onak; plaza bat behar dutelako, eta baita euskaraz publikatzen den komikigintzak ere». Bat egin du haiekin Patxi Huarte 'Zaldieroa' aurtengo sarituak. Hernanikomik bezalako bilguneak «gure industriarentzat oso inportanteak» direla iritzi eta editoreen lana aldarrikatu du: «Horiei esker egiten ahal dugu egiten duguna».
 

«Joseph Camino sariak bere ibilbidetxoa egin du»

Joseph Camino sariak Hernanin bosgarren edizioa badu ere, aurretik hasi zen.«Euskal komikigintzaren artistak, ibilbide luzea eta oparoa dutenak saritzeko eta omentzeko» sortu zela azaldu du Mikel Begoña komiki gidoilari eta sustatzaileak. Bilbon egindako lehen sari banaketan Joseph Camino bera izan zen omendua, Pan-Pin haurrei zuzendutako komiki-aldizkaria sortu zuelako. Gerora Gregorio Muro Harriet, Antton Olariaga eta Daniel Redondo izan ziren sarituak. Hernanikomiken lehenengo edizioarekin batera Hernanira ekarri zuten ospakizuna. Bertan Jon Zabaleta, Asisko Urmeneta, Juan Luis Landa eta Jose Angel Lopetegi 'Lope' izan dira goraipatuak.

Aurtengoan Patxi Huarte 'Zaldieroa' omendu dute, 80ko hamarkadaren erdialdetik gaurdaino egindako lanagatik. «Patxi, gainera, etxera sartzen zaigu egunero, eta hori asko da», oroitarazi du Fanok, eta nabarmendu «jasotzen duen hirugarren saria» duela, baina beste bi sariak «kazetaritzatik heldu» zaizkiola. Zehazki, Rikardo Arregi eta Argia sariak. «Bazen garaian komikigintzatik aitortza bat jasotzeko, eta poza da guk ematea», erantsi du irribarrez.

Dani Fano: «Irakurle batentzat garai polita da; euskal komikigintza aberatsa da, ez baitago lerro edota estilo bakarra, eta hori seinale ona da»


Sariarekin batera, komikigilearen ibilbidea jasotzen duen liburu eta erakusketa egiten dute urtero. Begoñak ondu du Huarteren lan oparoa biltzen duen liburua. Bertan ikus daiteke nola aurrena arkatzarekin egiten zituen, gero tintatu, eta azkenik koloreztatu. Egun tabletera pasatu den arren, «polita da ikustea hori eta ulertzea komikia ere arte mota bat dela, bederatzigarren artea», azaldu du Begoñak. Hain zuzen ere, literaturatik, pinturatik, zinematik zerbait badu ere, «nortasun propioa du komikiak eta hori da hemen azpimarratzen duguna», gehitu du.

«Aurre egin beharko diogu Adimen Artifizialari, nola edo hala»

Umorez hartu zuen mikrofonoa Huartek, saria jaso berritan. Urduri ere bai, berak aitortuta. Eskerrak eman dizkie antolatzaile, udal eta liburu zein erakusketa ondu duten egileei.

Adimen artifizialaren gaine­an zerbait esatea pentsatua zuela aurreratu du. Ekitaldian bildutakoek animatu dute isilik ez geratzera, eta hala ekin dio: «Artistak behar ditugu ordenagailuak baino gehiago». Natur tokiak babesten diren bezala artistak ere babestu behar direla, eta komikigintzak edo ilustrazioak «balio duela» aldarrikatu du.

Iritzi berekoa da Fano. Adimen artifiziala mehatxua ez, «egitatea absolutu bat» da berarentzat. Komikiaz bizitzea zaila izanik, profesionalek zituzten bestelako espazioak hilabete gutxian desagertu direla salatu du. Adimen artifizial sortzailea «ez da sortzailea, gure lanak erabiltzen» dituela akusatu eta araudi bat sortzeko beharra mahai gaineratu du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!