Urriaren 18an hasi zen Hernaniko Xake Txapelketa Herrikoia, Kixkal tabernan. Azaroaren 22ra arte, igandero jardunaldi bana jokatu da Kixkalen bertan, eta bihar finalerdiak eta finalak jokatzeko momentua izango da.
Horrela, ligaxka fasean lau jardunaldi jokatu dituzte. Horietako bakoitzean, irabazleak puntu bat eskuratzen zuen, eta galtzaileak punturik ez. Atsedenaldia eskatzeko aukera ere bazegoen (jokalari bakoitzak gehienez behin); kasu horretan, jokalari horrek puntu erdia batu du. Eta puntu gehien lortu dituzten lau jokalariak izango dira semifinalistak: Iosu Used (5 puntu), Javier Oliva (4 puntu), Oxan Altuna (4 puntu) eta Magi Ijurko (3,5).
Beraz, biharkoan izango dira Kixkalen aurrez aurre Iosu Used eta Magi Ijurko, lehendabiziko finalerdian, eta Javier Oliva eta Oxan Altuna bigarrengoan. Partidu horietatik aterako dira finalistak, arratsaldeko 18:00etan ariko direnak txapelaren bila.
Eta kategoria nagusiaz gain, beste hiru mailatako jokalariak ere ariko dira lehian. Haurren arteko finala jokatuko dute Hugo Lanzek eta Asier Eizagirrek. Beteranoek, bestalde, jokatuko dituzte finalerdiak eta finala: JR Altuna Julen Lizasoren kontra, alde batetik; eta bestetik, Julian Romero Natxo Useden aurka. Azkenik, federatu gabekoen artean ere jokatuko dituzte finalerdiak eta finala. Aitor Ortizek izango du aurkari Mikel Lukas, lehendabiziko semifinalean, eta bigarrengoan ariko dira lehian Gorka Sesma eta Juankar.