2027ko Hernaniko inauteriak iragartzeko kartel lehiaketa martxan da. Abenduaren 2a da proposamenak egiteko azken eguna: Biterin aurkeztu behar dira, edo kultura@hernani.eus helbide elektronikora bidalita.
16 urtetik gorako edonork parte hartu dezake. Eta aurkezten direnen artean, Inauteritako Jai Batzordeak lau aukeratuko ditu. Hortik aurrera, herritarrek aukeratuko dute irabazlea, lau horien artean gustokoena bozkatuz. Bozkaketa hori egingo da abenduaren 10etik 21era. Proposamenak aurkezterakoan, kontuan izan behar da kartelaren neurria 32x40cm-koa izan behar dela, eta ez dela onartuko adimen artifizialarekin edo elkarrizketa-laguntzaile bidez sortutako lanik. Bestalde, nahitaez agertu beharko du 'Hernaniko Inauteriak 2027' kartelean idatzita, eta irudien erabilera ez-sexista bermatu beharko da.
Irabazleak 700 euroko saria jasoko du, erdia eskudirutan eta beste erdia Berriakeko establezimendutan gastatzeko. Lehiaketaren oinarri arauak osorik, hemen daude ikusgai.