Euskeraren Egunaren bueltan, egitarau bateratua osatu dute Hernaniko eragileek

Beñat Los Arcos Ayerdi

Adin eta euskera maila ezberdinetako herritarrak eseriko dira elkarrekin Mintzodromoan, euskeraz aritzeko.

Elkarlanean antolatu dute Dobera Euskara Elkarteak, AEK euskaltegiak, Udal Euskaltegiak, Burrunbak eta Hernaniko Bertso Eskolak. Aurreko bi egunetan beroketa-lanak eginda, ekitaldi berezi bat izango da abenduaren 3an.

Egitarau bateratua aurkeztu du­te Hernaniko eragileek, Euske­ra­ren Nazioarteko Egunaren bueltan. Bat egin dute Dobera Euskara Elkarteak, AEK euskaltegiak, Udal Euskaltegiak, Burrunba gazte euskaltzaleen taldeak eta Hernaniko Bertso Eskolak, eta hiru eguneko egitaraua prestatu dute, abenduaren 1etik 3ra.

Hiru ekitaldi arduratuko dira beroketa-lanak egiteaz. Aben­dua­ren 1ean, bingo musikatua egingo du Doberak, 18:15etan Biterin. Eta hurrengo egunean, mintzodromoa izango da goizean, 10:00etatik aurrera Sandiusterrin, Udal Euskaltegiak antolatuta; eta Jon Plazaolaren 'AA Aita' bakarrizketa arratsaldeko 19:00etan, Biterin, hori ere Doberaren eskutik.

Mintzodromoan parte hartzeko, zabalik dago izenematea, Udal Euskaltegian bertan, azaroaren 25era arte. Helburua da euskera ikasten ari direnak animatzea euskeraz hitz egitera, euskeraz egiteko aukera gutxi duenari aukera hori ematea, edota euskalduna izan arren egiteko ohitura gutxi duenari motibazioa areagotzea. Laukoteka elkartuko dira mahai baten bueltan, 15 minutuko txandatan ariko dira, aldez aurretik zehaztutako gaiei buruz. Adin eta euskera maila ezberdinetako herritarrei luzatu die gonbitea Udal Euskaltegiak, «elkarrekin eseri eta euskeraz aritzeko».

Jon Plazaolaren bakarrizketarako, berriz, sarrerak 10 euroan daude salgai, dobera.eus atarian.

Euskaldun berriei ongietorria emateko, ekitaldi berezia

Abenduaren 3an bertan izango da nobedade nagusia, ekitaldi berezia prestatu baitute, 18:00etan hasita Sandiusterrin. Hainbat elkarte eta eragileren partehartzearekin, euskal komunitatera ongietorria emango diete euskera ikasle berriei eta mintzalagunei, eta saioa baliatuko dute «aitortzeko euskera ikasteko eta erabiltzeko egin duten edo egiten ari diren ahalegina. Izan ere, euskaldun berriek berebiziko garrantzia dute euskeraren biziberritzean, eta haien ekarpena aitortzeaz eta eskertzeaz gain, herriko euskal komunitatean duten lekua indartu nahi dugu». Mahai-ingurua ere izango da ondoren, eta pintxopote musikatu batekin borobilduko dute saioa.

Azkeneko asteetako elkarlanaren eta «hainbat elkarteren lan koordinatuaren» emaitza da Euskeraren Egunerako egitarau bateratua, eta aukera emango du «euskeraren inguruan herrian dagoen indarra eta aniztasuna agerian uzteko», nabarmendu dutenez. Doberako zuzendaritza berriak sustatu du elkarlan hori, «funtsezkoa» dela sinetsita: «Azken hilabeteotan harremanetan jarri gara Hernanin euskeraren sustapenean lanean ari diren elkarteekin eta eragileekin, bi helbururekin. Batetik, elkarren berri izatea; eta bestetik, indarrak batzea, ekimen bateratuak egiteko. Izan ere, euskeraren erabilera eta presentzia indartzeko, ezinbestekotzat jotzen dugu herriko eragileen arteko sareak ehuntzea eta helburu partekatuen inguruan elkarrekin jardutea».

Maiatzean osatu zen Dobe­rako zuzendaritza talde berria, Kronikak orduan bizi zuen ego­eraren inguruko bileretatik era­­torrita, «egoera horri eta elkartearen bestelako beharrei erantzuteko borondatea, gogoa eta ilusioa» zuten zenbait herritarrekin. Nabarmendu dute, hasieratik izan dutela garbi taldearen helburua: «Doberari bultzada berri bat ematea eta elkartea jartzea Hernaniko euskeraren normalizazioaren aldeko mugimenduaren erdigunean».

Zentzu horretan, Euskeraren Egunekoa «hasiera besterik ez» dela izango adierazi dute: «Dagoeneko diseinatu ditugu hurrengo urratsak, eta horeitako batzuk bideratuta daude herritarrei informazioa ematera eta haiengandik informazioa jasotzera. Batetik, Telegram kanal bat sortzea aurreikusi dugu, Hernaniko euskeraren bueltako ekitaldien eta jardueren berri emateko. Kanal horren bidez, asmoa da herriko eragileek antolatzen dituzten ekimenak zabaltzea, haien ikusgarritasuna haunditzea eta herritarren partehartzea sustatzea. Eta bestetik, herritarren iritzia, ekarpenak eta proposamenak ere jaso nahi ditugu, Doberaren etorkizuneko norabidea zehazteko prozesuan baliagarri izango direlakoan. Horretarako, inkesta bat zabalduko dugu herritarren artean».

Horiez gain, «proiektu eta ekimen berriak» ere lantzen ari direla iragarri dute, eta horien berri datozen hilabeteetan emango dutela: «Azken batean, asmoa da Doberaren etorkizuna irudikatzea elkarteko bazkideen, herriko eragileen eta herritarren artean, Hernaniko euskalgintza indartuz eta euskerari herrian merezi duen lekua ematen jarraituz».

 

EUSKERAREN EGUNAK

HERNANIN

ABENDUAK 1, asteartea

18:15, Bingo musikatua, Biterin. Dobera Euskara Elkarteak antolatuta.

ABENDUAK 2, asteazkena

10:00-11:00, Mintzodromoa, Sandiusterrin. Udal Euskaltegiak antolatuta.

19:00, Jon Plazaolaren 'AA Aita' emanaldia, Doberak antolatuta.

ABENDUAK 3, osteguna

18:00, 'Ongi etorri euskal komunitatera!' ekitaldia, Sandiusterrin. Euskera ikasle berriei eta mintzalagunei euskal komunitatera ongietorria. Doberak antolatuta, honakoek hartuko dute parte: AEK, Udal Euskaltegia, Dobera, Amher eta hezkuntza eskolak.

Ondoren, Mahai-ingurua, Sandiusterrin. AEK euskaltegiak antolatuta.

Segidan, Pintxopote musikatua. Burrunbak antolatuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!