Santa Zezilia eguna (azaroak 22) gainean daukagu, eta Hernanin hainbat kontzertuz gozatzeko aukera izango da horren harira. Gaurkoan Hernani Musika Eskolako kideak izango dira Biterin, arratsaldeko 18:30etan. Biharkoan Hernaniko Musika Bandaren txanda izango da; kontzertua eskainiko dute udaletxeko arkupeetan, eguerdiko 12:30etan. Igandean, berriz, Kantuz Eguna eta Santa Zezilia ospatuko dituzte aldi berean, Kantuz Abesbatzako kideek. 12:30etan eskainiko dute emanaldia, Biteri kultur etxean, eta loreekin zerikusia duten abestiez egongo da osatua programa.
Azkenik, datorren ostegunerako, azaroaren 26rako alegia, Goiz Eguzkik antolatu du kale buelta, 12:00etan. Kaxkoan zehar ariko dira kaleak alaitzen; Urbieta kaletik abiatuko dira, eta azoka zeharkatu ez ezik, Kaxko osoan zehar ere ariko dira kantuan, Vinaixa Gartzia Ezeizaren gidaritzapean.