Heldu da Hernanikomik ospatzeko unea. Bihar eta etzi izango da Atsegindegin, euskera hutsean egiten den komiki azoka bakarraz gozatzeko aukera: goizeko 11:00etatik 14:00etara, eta arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara. Beroketa egin zuten jada pasa den azaroaren 7an, Hernaniko erdiguneko komertzioen erakuslehio margoketarekin. Eta Patxi Huarte 'Zaldieroa'ren ibilbide profesioanala errepasatzen duen erakusketa dago Biterin ikusgai, azaroaren 25era arte. 'Zaldieroa' da, hain zuzen, Hernanikomiken 5garren edizio honetako Joseph Camino saria jasoko duen omendua.
Aniztasun haundiko egitaraua
Bi eguneko egitarau anitza prestatu dute aurtengo ediziorako. 11:00etatik 14:00etara goizez eta 17:00etatik 20:00etara arratsaldez, izango dira argitaletxeen postuak, komiki aurkezpenak, sinatze saioak, zuzeneko marrazketa, omenaldia, erakusketa, eta abar luze bat. Aurkeztuko diren komiki gehienak, udazken honetakoak izango dira.
Bestalde, esan bezala, aurten omenduko dute Patxi Huarte 'Zaldieroa', Joseph Camino sariarekin. Honekin, helburua da «euskal komikigileen ibilbideari aitortza egitea». Dani Fanok adierazi zuen bosgarren edizio honen aurkezpenean, Patxi Huartek komikigile bezala jasoko duen lehendabiziko aitortza dela: «'Zaldieroa' komikigilea baino gehiago da, bineta bidez zabaltzen du bere pentsamendua; bazen garaia komikigintzatik aitorpena egitekoa». Eta omenduekin jarraituz, azokaren aurtengo edizioaren kartelaren egilea da, hain zuzen, pasa den urteko omendua: Jose Angel Lopetegi Brit 'Lope'.
Egitarauaren barruan dago, baita ere, bihar Santa Barbaran egingo duten bertso afari margotua. Bertsotan ariko dira Uxue Alberdi eta Beñat Gaztelumendi, marrazten Amaia Carrer eta 'Exprai', eta gidari gisa 'Asisko'.
Dani Fanok berak nabarmendu zuen, azkeneko 20 urteetan euskal komikigintzak emandako aurrerapausoaren erakusle dela Hernanikomik azoka, orduan «lau katu» ari baitziren komikigintzan lanean.
HERNANIKOMIK 2026
BIHAR, ostirala
11:30, 'Egunaren adinak' elkarrizketa-tailerra. M. Gurrutxaga.
17:00, VII. Kromiki lehiaketaren sari banaketa. Dobera.
17:30, 'Ategorrietan Finisterra'. M. Ormazabal, B. Apalategi, L. Arbelaitz eta M. Gainzarain.
18:00, 'Haur Besoetakoa IV'. Unai Iturriaga eta Sanvi.
18:30, 'Zeruaren margolaria'. Saioa Maritorena.
19:00, 'Itsasoaren ahutzak'. Jon A.
19:30, 'Jende modernoa'. Bertol Arrieta, Helena Azkarragaurizar.
21:00, Bertso afari marraztua, Santa Barbara elkartean.
ETZI, larunbata
12:00, Joseph Camino saria, Patxi Huarte 'Zaldieroa'ri.
12:30, Dzirt-dzart marrazketa saioa. Asisko eta Eider Eibar.
17:00, 'Karakola eta barea'. Ainara Azpiazu 'Axpi'.
17:30, 'Ardi eta behi'. M. Valverde.
18:00, 'Joana Albretekoa'. Garazi Albizua eta Olga Carmona.
18:30, 'Eneayz'. Begoña Durruty.
19:00, 'Odol guztiak burdin gustua du'. G. Muro eta C. Varela.
19:30, 'Aton: haritzaren itzal handia'. Mikel Begoña eta Gaston.