Musika izango da protagonista Santa Zeziliako asteburuan, Hernanin

Julen Borreguero Fernandorena

Hernaniko Musika Bandaren Euskal Jaietako kontzertua, udaletxeko arkupetan.

Kontzertua eskainiko du Musika Bandak larunbatean, eta Kantuzek igandean.

 

Santa Zezilia eguna da datorren igandea (azaroak 22), eta horren harira kontzertuak izango ditugu asteburu honetan Hernanin, larunbatean zein igandean. Hernaniko Musika Bandak eskainiko du udaletxeko arkupetan kontzertua, larunbatean (azaroak 21), eguerdiko 12:30etan. Jon Pachecoren zuzendaritzapean, «programa indartsua eta berezia prestatu du bandak».  

Bi konpositorek izango dute presentzia berezia: Gustav Holst britainiarra eta Leonard Bernstein estatubatuarra. Bien obrak interpretatuko dituzte larunbatean, baita Euskal Herriko hiru obra ere. Gainera, bandako tronpa jolea den Arkaitz Otegik omenaldia jasoko du, 25 urte betetzen baititu bandan.

Eta igandean Hernaniko Kantuz Abesbatzaren txanda izango da; izan ere, abesbatzako kideek Biterin eskainiko dute kontzertua, 13:00etan hasita. Kontzertu honekin, Santa Zezilia eguna ospatzeaz gain, Kantuz eguna ere ospatuko dute, urtero lez, eta aurtengoan loreak izango dituzte abestien gai nagusi gisa. Zuzendaria Igor Arroyo izango da, eta pianista, berriz, Javier Perez de Azpeitia.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!