Iturmendi, Sistema Karstiko baten maketa

Haizea Solagurenbeaskoa Alkorta

Jon Ziganda Felix Ugarte elkarteko kideak azaldu digu Hernanin aurkitu duten kobazulo handiena dela. Berreskuratze lanak eginda, 2013 urteaz geroztik hamaika bisita gidatu egin dituzte. Bakoitzean hiru txanda egiten dira eta denera 100 pertsona baino gehiago batzen direla zehaztu du. Horien artean, baita errepikatzaileak ere. Esate baterako, lehen txandako ilusioarekin biloben bila joan eta hirugarrenerako ilaran berriro zena, biloba bana eskutan zuela.

 

Iturmendi edo Txanpiñoien kobazuloaren berri bazekien jendeak, bereziki Antziola auzoko bizilagunek. Inork gutxi zekien, ordea, barrua nolakoa zen. Itxia zuen atea kobak eta utziaren tankera. Hala bada, 2013 urtean Felix Ugarteko taldekideak itsuan sartu ziren, eta topatua «esplikatzen zaila» dela azaldu du Jon Zigandak. Ematen duenez, 50eko hamarkadan kobazulo barruan txanpiñoiak ekoizten ibili zen norbait, eta denboraren poderioz fabrika zena almazen partikular bilakatzera heldu zen. Denetarik aurkitu zuten bertan; baldak, sistema elektrikoa, ura bideratzeko hodiak, hozkailuak… Izan ere, espazioa izugarria zela ohartu ziren espeleologoak.

Horregatik, Hernaniko Udalari kobazuloa berreskuratzeko proiektua aurkeztu zioten. Eta Udalak zein Eusko Jaurlaritzak emandako diru-laguntzari esker martxan jarri ziren. Besteak beste, garbiketan zehar 6 tona txatarra, 27 tona obra-hondakin eta 500kg plastiko atera zituzten bertatik. Kobazuloari lehengo itxura zaharra itzulita bisitak antolatzeari ekin zioten, «jendea gerturatzeko, balioan jartzeko eta Hernanik zein altxor dituen erakusteko». 2013-2014 geroztik bi urtean behin egiten hasi ziren eta azken hiru urteetan urtero errepikatu dute. Arrakasta izaten du­ela azpimarratu dute antolatzaileek; izan ere, bisita bakoitzean 40 pertsonako hiru txanda egitera iritsi izan dira. Kalkulatzen dute urte bakoitzean 100 pertsona baino gehiago izan direla bisitan. Guztira zenbat izan diren ez dute daturik. 1000 izan daitezkeela aipatu du Zigandak, 2013tik halako 10 egun antolatu dituztelako. Baina jakin badaki badela errepikatu duenik. Behin herrikide bat lehen txandan sartu zela kontatu du espeleologoak. Txundituta atera zen. Antolatzaileei galdetu zien zenbat denboraz izango ziren bertan. Haiek beste bi bisita egiteko asmoa zutela esanda, biloben bila joan zen eta hirugarren saiorako bertan zen berriro, biloba bana eskutan zuela. Joan den asteburuko bisita hirugarrena duela aitortu du batek.

Hernaniko bisita gidatuez gain, bestelako bisitak ere antolatzen dituzte. Felix Ugarte elkartea eskola kirola proiektuaren barruan sartuta baitago belaunaldi gazteei espeleologia ezagutarazteko helburuarekin. Gainera, Euskal Mendi Federazioarekin Joëlette aulkia baliatzen dute. Gurpil bakarreko mendiko aulki berezi bat da, mugikortasun urriko pertsonei mendi-ibilbideetan eta bidezidorretan ibiltzeko aukera ematen diena.

Kobazuloaren ezaugarrien gainean galdeginda, 250 metro dituela azaldu du Zigandak. Luzeran dagoela deskribatu du, eta atea nahiko erdian duela. Ezkerrera korridore moduko bat du eta eskubira, berriz, galeria handi bat. Erpin batera zein bestera heltzeko makurtu egin behar dela aipatu du. Bereziki ezkerreko aldean, arrastaka egin behar delako. Bisitetan, ordea, ez dute halakorik egiten. Lurra oso erabilia eta mugitua badago ere, paretak egoera onean daudela azaldu du elkarteko kideak, eta «kobazulo batean aurki ditzakegun estalaktitak eta estalagmitak» ikusi daitezkeela gehitu du.

 

Iturmendi, maketa bat

Kobazuloak ez ezik, Iturmendiko guneak berezitasun garrantzi­tsuak dituela dio Felix Ugarte elkarteko kideak. Izan ere, «espe­leologian edo geologian ematen diren ezaugarri guztiak oso eremu txikian» ematen direla adierazi du: «Maketa bat da». Hau da, Aralarren eta Aizkorrin kilometrotan ematen diren ezaugarriak, Iturmendin, kilometro erdian, guz­tiak biltzen di­ra. Oria-menditik datorren itur­buru bat dago, sifoi bat (kobazulo baten barruko galeria batean dagoen ur-masa pasabidea sabairaino urperatzen duena), kobazulo fosil bat (lurpeko ur-korronte aktiborik gabe geratu den barrunbe karstikoa), eta beste kobazulo aktibo bat (ur-korrontea duena). Hori guztiaz gain, dolina edo sakon-une bat ere ba­dela gaineratu du. Beraz, paseo labur batean, gidatuta noski, geo­logia eta hidrogeologia zikloaz ikasteko aukera dago. Horregatik, hain zuzen ere, institutuko geologiako irakasleak urtero eramaten ditu ikasleak Iturmendira. 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!