Hauteskunde-ekitaldia egin du EH Bilduk Hernanin, posta bidezko botoa eskatzeko

Beñat Los Arcos Ayerdi

Xabier Lertxundi alkateak hartu du parte, Kongresurako hautagaia baita EH Bilduren zerrendan.

Hernanin jarri du hitzordua gaur goizean EH Bilduk, Espainiako Hauteskunde Orokorretarako kanpainaren baitan. Alderdiak Andrekalen daukan egoitzan elkartu dira goizean, eta Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak hartu du hitza, Kongresurako hautagai izango baita Gipuzkoan: laugarrena da EH Bilduk aurkeztu duen zerrendan.

Ekitaldian, posta bidez botoa ematera animatu ditu azaroaren 29an hauteslekuetara joaterik izango ez duten herritarrak, «horixe delako ultraeskuina geldiarazteko bidea». Izan ere, bi egun bakarrik falta dira posta bidez bozkatzeko aukera bukatzeko: osteguna izango da horretarako azkeneko eguna, azaroaren 19a.

«Boto bakoitza izango da garrantzitsua faxismoari oinak gelditzeko eta esperantzaren olatua altxatzeko», adierazi du Lertxundik. Horregatik, hautestontzietara joateko edota posta bidez bozkatzeko deia egin die «bere bizi-baldintzak hobetu nahi dituzten guztiei». Eta zehazki, EH Bilduren aldeko hautua egitera animatu ditu: «0 kilometroko ezkerra gara», nabarmendu du.

Hitzartzea bideo bidez jaso du EH Bilduk, eta laster zabalduko da kanal eta hedabide ezberdinetan.

Alderdiaren bigarren ekitaldia da Hernanin, hasi berri den kanpainan. Izan ere, joan den igandean, Sandiusterrin izan ziren Oihana Etxebarrieta Kongresurako zerrendaburua eta Maddalen Iriarte Gipuzkoako ahaldun nagusigaia, Xabier Lertxundirekin batera. Bertan, Etxebarrietak goraipatu zuen «hauteskunde kanpaina baten baitan inoiz egin den ekitaldi politikorik haundiena eta inoizko mobilizaziorik jendetsuena» egin zutela Bilbon larunbatean. «Denon esku dago gure historian mugarriak jartzen jarraitzea, eta ziur gaude azaroaren 29an Euskal Herriak historia egingo duela berriro, bloke erreakzionarioari aurre egin eta garaituta».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!