2027ko urtarrilean izango da Auzo Bira. Orduantxe, eta aurreko urteetan bezala, Udal Gobernu Taldea auzoz auzo joango da, «eskuartean duenaren berri emateko eta auzoetako behar eta iritziak biltzeko».
Halere, horren aurretik, herritarrek zein auzo elkarteek iradokizunak egiteko aukera daukate, azaroaren 30era bitartean. Iaz jarri zuen martxan Udalak parte-hartze formula hau, eta aurten ere errepikatuko du.
Hori egiteko, hernani.eus webgunean dagoen galdetegia bete behar da: «Herritarrek Auzo Biran lantzeko hiru gai proposatu ahal izango dituzte. Bakoitzaren iritziz, auzoari zein herriari eragiten dion gai garrantzitsuena zein den adierazteko aukera ere izango dute», azaldu dute Udaletik.
Eta Auzo Biran zein azaroaren 30era bitarteko prozesuan parte hartzearen garrantzia nabarmendu du Udalak. Adierazi du «komunitatearentzat onuragarria» izango dela, eta herritarrak gonbidatu ditu parte hartzera.