Ez da nolanahikoa izango, bihar eguerdian, Hernanin eskainiko duten herri kirol erakustaldia. Puntako bederatzi aizkolari eta bi harrijasotzaile ariko dira bertan, eta berezitasun nagusi bat izango du saioak: marka saiakera egingo du Malen Barrenetxea aizkolari hernaniarrak, 17 urterekin kanako enbor bat mozteko ahalegina eginda.
Eguerdiko 12:00etan hasiko da erakustaldia, Tilosetako frontoian, eguraldiak laguntzen badu; bestela, kiroldegiko frontoira mugituko dute. Zertzena herri kirol taldeak antolatu du saioa, eta doakoa izango da.
Barrenetxeaz gain, goi-mailako beste zortzi aizkolari izango dira bertan: Nerea Arruti, Julen Gabirondo, Jokin Urretabizkaia 'Basozabal', Eneko Saralegi, Oier Mitxelena, Ander Altuna 'Etxeluze', Ioan Goikoetxea eta Harri Mitxelena. Modalitate eta kategoria ezberdinetan txapeldun izandakoak daude tartean. Harriekin lanean, berriz, Beñat Telleria eta Xabat Ruiz ariko dira. Eta trontzarekin, ingudearekin eta txingekin eskainiko dute erakustaldia Aitziber Martiarenak eta Maitane Lasartek.