Itxita ageri dira, gaur goizean, bailarako establezimendu eta enpresa gehienak. Greba orokorra oso jarraipen zabala ari da izaten bailaran, eta hala izan dadin mugitu dira, goizean goizetik, greba egunaren antolaketan aritu diren hainbat eragile. Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak, esaterako, aditzera eman du goizeko seiak baino lehenago errepidea moztu duela Zikuñagako Papeleraren sarrera parean: lurrean eseri dira bandera gorriak hartuta, ertzainak aurrean zituztela, papelerarako sarbidea oztopatzeko, turno aldaketa tokatzen zen unean.
Hernaniko beste hainbat puntutan ere antolatu ditu piketeak LAB sindikatuak, goizeko 05:30etatik aurrera. Eta beranduxeago, propaganda banatzen eta jartzen aritu dira eragile ezberdinak, Hernanin eta Astigarragan. Banketxeetan eta inmobiliarietan jarri dute arreta berezia, pankartak jarriz eta pintaketak eginez etxebizitza eskubidearen alde, eta funts putreen eta espekulazioaren kontra. Oihuka ere egin dituzte aldarrikapen ozenak.
Donostian 12:30etan izango den manifestaziora batzeko deia egin dute, eta bi herrietatik bertara joateko kedadak antolatu dituzte. Astigarragan, gainera, talde argazkia aterako dute 10:15etan, Donostiara oinez abiatu aurretik.
Arratsaldean, berriz, Hernanin izango da manifestazio bateratua, 18:00etan Zinkoeneatik abiatuta.
