Valentziako zelai artifizialean eta Les Abellesen abiaduraren aurrean, izugarri kostatako garaipen garrantzitsua lortu zuen Hernanik, igande eguerdian (22-23), errugbiko Ohorezko Elite Mailan. Trikoloreek 20 minutuz eutsi zioten puntu bakarreko aldeari, valentziarren eraso arriskutsuak hiru bider libratuta.
Hasieratik izan zen partidu konplikatua hernaniarrentzat, eta berehala lortu zuen aurreneko entsaioa Les Abellesek (7-0). Pixkanaka neurria hartu zioten valentziarren abiadurari, eta Beñat Arizetaren zigor kolpe baten ondoren, 30garren minutuan aurrea hartu zuten markagailuan, Beñat Garmendiaren entsaioari esker (7-10). Kolpe berarekin erantzun zuen Les Abellesek, Hernanik gaizki defenditutako jokaldi azkarrean; eta oraindik zigor kolpe bana gauzatuko zuten atsedenaren aurretik (17-13), azkeneko minutu eroetan.
Kontuak ez ziren hobeto hasi bigarren zatian. Valentziarren aurreneko saiakera gelditzea lortu ondoren, Les Abellesen erasoko ostiko batek bote xelebrea egin zuen, eta etxekoen aldera erori zen, entsaio erraza lortzeko aukera emanez (22-13). Baina bederatzi puntuko aldearekin eta kontrarioen abiadura geldiarazteko zailtasunekin ere, ez zuten amore eman trikoloreek. Eta beste zigor kolpe bana gauzatu ondoren, 20 minuturen faltan jaso zuen bere lanaren ordaina Hernanik: maul indartsutik baloia atera, eta Anartz Elosegiren ostiko neurtua marraren bestaldean jaso zuen Arizetak (22-23).
Markagailua ez zen gehiago mugitu, baina gogotik egin behar izan dute trikoloreek horretarako, valentziarren hiru jokaldi geldiarazita, entsaio marratik metro gutxira.
Kopan murgilduta, hilabetez
Valentzian lortutako lau puntuekin, sailkapeneko hirugarren postura igo da Hernani, hilabeteko etenaldiaren aurretik. Izan ere, Kopari ekingo diote orain, ligaxkako fasean. D multzoan ariko da Hernani, La Vilarekin eta Bartzelonarekin. Aurreneko jardunaldian atseden hartu ondoren, La Vilaren zelaian ariko da azaroaren 29an, eta Bartzelonaren kontra abenduaren 6an, Landaren.