Gogotik borrokatutako garaipena lortu du Hernanik, Les Abellesen zelaian (22-23)

Beñat Los Arcos Ayerdi

Trikoloreek asko sufritu dute valentziarren abiaduraren aurrean. 20 minuturen faltan lortu dute entsaio klabea, eta bukaeraraino eutsi diote defentsako lan eskergarekin.

Valentziako zelai artifizialean eta Les Abellesen abiaduraren aurrean, izugarri kostatako garaipen garrantzitsua lortu du Hernanik, gaur eguerdian (22-23). Trikoloreek 20 minutuz eutsi diote puntu bakarreko aldeari, eta hiru bider libratu dituzte valentziarren eraso arriskutsuak.

Hasieratik izan da partidu konplikatua hernaniarrentzat. Kontrarioen abiadurak kokatu ezinik harrapatu ditu aurreneko jokaldian, eta erraz egin du aurrera Les Abellesek, entsaioa lortzeko (7-0). Azkar erantzun dute trikoloreek, Beñat Arizetaren zigor kolpe batekin, entsaioa gertu izan ondoren (7-3).

Valentziarren erasoei eusteko zailtasunak izan ditu Hernanik hurrengo minutuetan ere, baina parekatu egin da partidua, eta erasoak gauzatu ezinik aritu dira bi taldeak, biak ere marrara gerturatu arren. Trikoloreak izan dira, atsedenaldirako 10 minutu falta zirela, entsaioa gauzatzea lortu dutenak, jokaldi ederra borobildu baitu Beñat Garmendiak (7-10).

Horrekin, moteltasunetik eromenera pasa da partidua, lehenengo zatiaren bukaeran. Les Abellesek lortu du entsaioa berehala, Hernanik gaizki defenditutako jokaldi azkarrean (14-10). Beste zigor kolpe batekin txikitu du tartea Arizetak, eta modu berean erantzun dute valentziarrek (17-13). Azkeneko jokaldian izan dute bigarren entsaioa lortzeko aukera trikoloreek, baina 'avant' batek utzi du ezerezean.

Kontuak ez dira hobeto hasi bigarren zatian. Valentziarren aurreneko saiakera gelditzea lortu ondoren, Les Abellesen erasoko ostiko batek bote xelebrea egin du, eta etxekoen aldera erori da, entsaio erraza lortzeko aukera emanez (22-13).

Baina bederatzi puntuko aldearekin eta kontrarioen abiadura geldiarazteko zailtasunekin ere, ez dute amore eman trikoloreek. Eraso luze bat borobildu ezinik, zigor kolpea ziurtatu nahi izan du Arizetak, markagailuan gerturatzeko, ordu erdiren faltan (22-16). Arma berarekin erantzuten huts egin du Les Abellesek, hurrengo jokaldian. Eta 20 minuturen faltan jaso du bere lanaren ordaina Hernanik: maul indartsutik baloia atera, eta Anartz Elosegiren ostiko neurtua marraren bestaldean jaso du Arizetak (22-23).

Markagailua ez da gehiago mugitu, baina gogotik egin behar izan dute trikoloreek horretarako. Ordu laurdeneko tartean, gehien-gehienean entsaio gunetik urrun mantendu dituzte etxekoak; baina azkeneko bost minutuetan hiru bider libratu dituzte valentziarren eraso arriskutsuak. Aurrena, Les Abellesen bandako sake bat lapurtu dute 25 bat metrora. Ondoren, eskuetatik kendu diete baloia, entsaio marratik apenas bost metrora zeudenean. Eta azkenik, kasik azkeneko jokaldian, valentziarren akatsa eragin dute, oso eraso arriskutsuan. Baloia urrundu, eta partidua Les Abellesen zelaian bukaraztea lortu dute, garaipen eta erdiren zaporea utzi duten lau puntu eskuratzeko. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!