Bueltan da Hernani Errotzenek antolatutako udazkeneko hitzaldi zikloa, eta etzi emango diote hasiera, asteartez. Lau hitzaldi izango dira guztira, azaroaren 10ean, 12an, 17an eta 19an, denak ere iluntzeko 19:00etan hasita, Biteri kultur etxean.
Xosé Estevezek eskainiko du aurrenekoa, asteartekoa: 'Tras las carlistadas, el nacionalismo'. Karlismotik sortutako foruzaletasuna eta eklosio nazionalistarako bidea izango ditu hizpide, gaztelaniaz.
Ostegunean, berriz, Pello Igeregi izango da hizlari, eta gaurkotasun haundiko gaiaz ariko da: 'Euskararen aurkako oldarraldia eraso isolatua al da?'. Hainbat galdera planteatu ditu Igeregik, horren harira: «Euskeraren aurkako oldarraldia eta bestelako oldarraldi erreakzionarioak, ezberdindu daitezkeen prozesuak dira? Nondik datoz eraso euskarafoboak eta nork eragiten ditu? Benetan oldarraldi bat dago euskeraren aurka?». Eta nabarmendu du, oinarrizkoa dela galdera horiei erantzutea, «hegemonia euskaltzalea eraiki ahal izateko, eta bereziki, euskeraren eta euskaldunon hizkuntz-eskubideen alde borrokatzeko».
Beste bi hitzaldiak hurrengo astean izango dira. Aritz Ibarra etorriko da azaroaren 17an, 'Deiadarra: aurrera begira bizi gara' hitzaldia eskaintzeko. Eta Mikel Legorbururen txanda izango da hilaren 19an: 'Euskalnafar txanponak, subirautzaren ezaugarri lehenenak'.