«Hernaniko anbulategian gero eta sarriago falta dira medikuak, eta herritarrok ez dugu horren berri»

Axier Mendizabal Goñi

Abuztuan egindako kontzentrazioa izan zen abiapuntua, osasungintza publikoaren aldeko plataforma sortzeko Hernanin.

Krisian dago osasungintza. Ze­hazki esanda, Osakidetza. Osasun sistema publikoa gainbeheran dago eta arazoa azaleratzen ari da. Hori nabaritu dute jadanik hainbat herritarrek Donostian, Tolosan, Oreretan... eta Hernanira ere iristen hasi dira arazoak. Osasungintza publikoaren aldeko plataforma ezberdinak sortu dira azken urteetan, leku ezberdinetan. Gure bizi baldintzei lotutako osasun politika bat, guztiz publikoa, kalitatezkoa eta bidezko irisgarritasun unibertsala bermatuko duen osasun-sistema, eta osasun-kudeaketarako gardentasuna exijitzen dute, besteak beste.

Osasungintza publikoaren al­de­ko plataformak 2023tik ari dira sortzen herri ezberdinetan, problematika ezberdinei aurre egiteko. Proposamena orain Hernanira iritsi da, antolatzen hasi dira egoera honi aurre egiteko, eta plataformako kide den Xabier Gurutzeagarekin hitz egin dugu honen berri izateko.

Zer gertatzen ari da osasungintza publikoarekin?

Azkeneko hamarkadetan ikusten ari gara osasungintza publikoaren okertze bat, zerbitzuen okertzea. Arrazoi ezberdinak eman izan dituzte azalpen modura, baina batez ere inbertsio falta estruktural bat gertatzen ari da, bai pertsonal aldetik, baita material aldetik ere. Alde berean, pribatizazio prozesu bat ikusten ari gara; eta zerbitzu publikoak okertuz, osasungintza pribatura jotzeko joera handitzen da. Beraz, sistema pribatua lehentasunezko bilakatzen ari da sistema publikoarekiko eta, ondorioz, gurpil-zoro batean sartzen gara non geroz eta funtzionamendu kaxkarragoa duen osasungintza publikoak, pribatuaren mesedetan. Ikusten ari garena da, bai erabiltzaileen aldetik eta baita osasun langileen aldetik, kalitatezko zerbitzu bat emateko gero eta zailtasun gehiago ditugula.

Zein alorretan ari da nabarmentzen gainbehera hau bereziki?

Okertzea orokorra da, baina nabarmenagoa ari da izaten lehen arretaren alorrean. Eta are nabariagoa Etengabeko Arreta Guneak (PAC siglez ezaguna gaztelaniaz) diren horietan. Orain arte EAG sare bat bazegoen, modu jarraituan erizain eta medikuen presentziarekin lan egiten zuena eta herritarrekiko gertuko arreta izatea ahalbidetzen zuena. Pixkanaka, erizain eta medikuen presentzia murriztu da, edota beste kasu batzuetan EAG batzuk itxi egin dituzte zuzenean.

Egoera honek ondorio negatiboak bakarrik ditu. Nabarmenenak, lehen arreta jasotzeko puntu falta adibidez, beste herri batera mugitu beharra. Demagun, Hernaniko EAG itxita egonez gero, Donostiako larrialdietara joan beharra bai ala bai. Honen ondorioetako bat da, gainera, Do­nostia ospitaleko larrialdi orokorretako zerbitzuaren kolapsoa, bertan ematen den zerbitzua ere gero eta kaxkarragoa izanez. Paziente gehiago, mediku gutxiago, itxaronaldi luzeagoak eta, azkenean, kalitatezko arreta bat emateko denbora eta baldintza falta.

Agian Hernani ez da izan EAG hauen itxiera gehien nabaritu duen herria, edo gehien kaltetu duena, baina horrek ez du esan nahi hemen gertatu ez denik. Jakin badakigu momentu batzuetan Hernaniko EAG itxita edo medikurik gabe egon dela. Jakin dugu, esaterako, San Joanetan, larunbat gauez, medikurik ga­be egon ginela larrialdietan.

Egoera honi aurre egiteko OPA ezberdinak sortu dira jada, eta orain Hernanin.

Bai. Beste herri batzuetan lehen mailako arretaren arazoari heldu diote, eta nahiz eta hemen beste leku batzuetan bezainbesteko arazorik ez izan, ez du esan nahi arazorik ez dagoenik edota ez denik egongo. Egia esan, ikusi den bezala, arazoak iritsi aurretik erantzuten hastea izan daiteke egoera orokor honi aurre egiteko modua.

Proposamena inguruko herri eta eskualdeetako plataformetatik iritsi zaigu, ikusi baitute euren osasun zentroetan sortzen ari diren gatazkak zabaltzen ari direla edota zabaltzeko arriskua zegoela. Zentzu horretan, egin zen jada kontzentrazio bat abuztuan, Donostiako plataformak deituta, baina Hernanin azaleratzen hasi ziren arazoak salatzeko. Izan ere, Hernaniko anbulategian gero eta sarriago falta dira medikuak larrialdietan, eta herritarrok ez dugu honen berri. Gainera, beste herri batzuetako EAGak itxiz gero, Hernanira datoz adibidez Lasarte edo Usurbilgo erabiltzaileak, hemen ere medikurik ez dagoela ikusi eta denek Donostiako larrialdietan amaitzeko.

Zein erronka izango dituzue Hernanin?

Oinarrizko erronka bat jarri diogu plataformari: herritarren antolakuntza bultzatea. Azken batean, osasungintza publikoaren aurkako oldarraldia bizi dugu, eta antolatu eta gure eskubideak defendatu ezean, inork ez dizkigu horiek bermatuko. Abuztuan egin bezala, arazo zehatzak salatu eta herritarrak mobilizatzera bultzatu nahi ditugu. Horretarako ezinbestekoa dugu Hernaniko anbulategian gertatzen ari denaren jabe egitea. Egoeraren analisia egin behar dugu, eta informazio falta nabarmena dago. Esan bezala, herritarren gehiengoak ez du egoera honen berri izango ezbeharren bat gertatu arte. Hori izango da plataformaren lehen eginbeharra: zer gertatzen ari den jakin, herritarren artean zabaldu eta erantzutea.

Ezinbestekoa dugu mobilizatzen jarraitzea, eta osasungintza ez dago gizarteko beste arazo batzuetatik aparte. Osasunak ere zerikusia du etxebizitza eskubidea bermatua izatearekin, soldata eta pentsio duinak izatearekin, bizi baldintza guztiak bermatuta izatearekin alegia. Horregatik, azaroaren 11n deitu den greba orokorrean parte hartzea ere oso garrantzitsua da. Kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala izango den osasungintza izan behar dugu helburu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!