2026-2027 ikasturtea aurrera doa, badira bi hilabete ikasleek klaseak hasi zituztenetik, eta agian batenbatek planteatu du akademiaren batera joateko aukera. Izan daiteke hizkuntzaren bat ikasi nahi duelako, unibertsitateren batera sartzeko behar duelako nota jakin bat Batxilergoan, edo ikasgairen bat zaila egiten zaiolako.
Egoera horien guztien aurrean, akademien eskaintza zabala daukagu Hernanin: Ingelesa ikasteko eta atzerrian egonaldiak egiteko, Morris akademia; ingelesa modu naturalean eta ama hizkunta bat bezala ikasteko, Kids & Us; eta LH, DBH zein Batxilergoko errefortzuzko klaseak behar izanez gero, Onddi akademia. Matrikulatzeko aukera dago oraindik, guztietan.
Ingelesa modu naturalean, Kids & Us akademian
Kids & Us akademian, ingelesa irakasteko metodologia ezberdin baten aldeko apustua egin izan dute beti; ingelesa modu naturalean irakasten dute. Adinari egokitutako edukia lantzen dute, eta taldeak daude osatuta adinaren arabera ere.
Eta gakoa zera da, gaztetxoek ingelesa ikasten dutela beren ama hizkuntza ikasten duten modu berdinean: «Ez dugu eredu tradizionala erabiltzen, ez dugu erabiltzen itzulpenik, eta ez diegu haurrei irakasten aditzen, asteko egunen, zenbakien edota animalien zerrendak erabiliz. Gurean, haurrek ingelesa ama hizkuntza bat balitz bezala barneratzen dute haurrek, hitzen zentzua hartzen doaz naturalki, etxean gurasoekin egiten duten bezala, hitzei zentzua emanez, hitzak esperientziekin eta egoerekin lotuz».
Gaztetxoek hizkuntza menderatzen dutenean, idazmena eta irakurmena lantzen hasten dira. Halere, ezta nerabeei ere, ez zaizkie arau gramatikalak edota hiztegia bere horretan irakasten, «modu naturalean ikasten dituzte».
Azkenaldian, bestalde, aplikatzen ari dira teknologia berriek eskaintzen dituzten abantailak. Ikasleek txikitatik etxean praktikatzen dute, audioak entzunez, jokoak eginez, etab. Nerabeen kasuan, azterketei begira jartzen direnean, etxean praktikatzeko aukera badute, azterketak eskuragarri baitituzte digitalki.
Kids & Us akademiak, gainera, sinatu berri du hitzarmen garrantzitsua ikasturte honetan, Trinity College Londonekin. Horren bidez, Kids & Us akademiak ahalmena dauka ofizialki ikasleen maila aitortzeko. Hau da, Kids & Us akademiako C1-eko azterketa (adibidez) gainditzen duenak, horren aitortza ofiziala izango du.
Atzerrian egonaldiak, Morris akademiaren bitartez
Hernaniko Morris akademia ere aukera polita da, ingelesa ikasteko. Lehen Hezkuntzako 3garren mailatik aurrera eskaintzen ditu maila guztiak, Proficiency mailara arte, «taldeko saioak ditugu gehienbat, baina bakarko klaseren bat ere eskaintzen dugu, eskolako esfortzu gisara». Urte mordoxka daramazki Morris akademiak ingelesa eskaintzen, guztira 35: «Zarautzen hasi ginen 1988an eta duela 8 urte Hernanin ireki genuen bigarren egoitza».
Ingelesa bere osotasunean lantzen du Morris akademiak, «hizkuntzaren atal guztiei garrantzi berdina emanez. Gramatika jakitea garrantzitsua da, baina behar bezala hitz egitea eta besteek diotena ulertzeak garrantzi haundia du. Horregatik, hori guztia klasean lantzea ezinbestekoa dela uste dugu». Klaseak «arinak» dira Morrisen, «ikasleek ingelesa ikasteaz gain ondo pasatzen dute, eta uste dugu hori garrantzitsua dela. Saio berdinean hizkuntzaren atal ezberdinak lantzen ditugu eta bi irakasle ezberdinekin egoten dira, atal ezberdinak lantzen, dinamismoa emanez».
Era berean, klasean landutako praktikan hartzeko, atzerrirako bidaiak ere antolatzen ditu Morris akademiak.
Onddik, tratu pertsonalizatua
Ohikoa da ikasleek ikasketa prozesu luzean kanpoko laguntza behar izatea, eta hutsune hori betetzen dute egungo akademiek. Kurtsoa hasi eta gazte askok ematen dute akademia batean apuntatzeko pausua, izan ikasgai bat barneratzeko zailtasunak, ulermen arazoak edota beste arreta mota bat beharrezkoa dutelako.
Horrelako egoeren aurrean, Onddi dugu soluzio Hernanin. LH, DBH eta Batxilergoko errefortzu klaseak eskaintzen dituzte Onddin, izan ikasleek zailtasuna dutelako irakasgai jakin bat gainditzeko, edo izan unibertsitateko gradu batera sartzeko nota jakin baten bila dabiltzatelako, eta horretarako heziketa gehiagarria behar dutelako. Bereziki, zenbakiak protagonista diren ikasgaiak lantzen dituzte: matematika, fisika, kimika, ekonomia edota letretako matematikan aritzen dira.
Eta gakoa zein den argi dute: ikasle bakoitzaren beharretara egokitutako tratua eskaintzea. «Urtero ikasle multzo ezberdinak igarotzen dira akademiatik, eta gazte bakoitzak arreta ezberdin bat behar duenez, ikasle bakoitzaren beharretara egokitzen saiatzen gara», azaldu du Onddik. Klaseko funtzionamendua ere ezberdina izaten da ikasle talde bakoitzarekin: «Agian batek ez du ikastolan azaldu diotena ulertu eta guk berriz azaltzen diogu, beste batek agian ariketak egin nahi ditu, eta batzuek edozein zalantzaren aurrean lagunduko diegula sentitzea besterik ez dute behar».