Bihar izango da, urtero lez, udazkeneko azoka, Osiñaga auzoan. Laugarren aldia da Osiñagako Auzo Elkarteak azoka hau antolatzen duela, eta elkartetik diotenez, «azokak hartu duen dinamika ona da».
Eskaintza zabala izango da, Itsasburu Sagardotegiko aparkalekuan, goizeko 10:30etatik 13:30etara, auzoko ondorengo ekoizleen eskutik: Perrapa baserria, Arriatzu baserria, Telleria Haragiak, Daniel Zurjolea, auzoko sagardogileak, Txintxuaenea Gazta eta Artamugarri. Horiei gehitu behar zaizkie auzoko produktuekin egindako pintxoak egongo direla, baita herri kirolen emanaldia ere, Ander Etxeluze aizkolariaren eskutik.
Azoka lehenengoz antolatzearen ideia bururatu zitzaion Zuhaitz auzokideari. Osiñaga auzoko ekoizleekin bildu zen, eta ideia proposatu zien. Ekoizleen erantzuna positiboa izan zen, irekita azaldu ziren, eta orain arte urtero egin da azoka; izan ere, «orain arte izan duen arrakastarekin oso pozik gaude. Jende dexente hurbiltzen da, auzotarrak batez ere, eta oso giro polita sortzen da».
Ekoizleak ere, pozik
Azokan postua jartzen duten auzoko ekoizleek ere pozik amaitu ohi dute goiza, arlo ekonomikoari begira, eta baita sortzen den giroarengatik: «Dexente saltzen da; jendea propio joaten da erosketa egitera, gazta eta haragia, batez ere, asko saltzen da». Zazpi dira postuak, eta produktuen eskaintza oso zabala da; erosketak bertan egin nahi duenak ez du arazorik izango, ez du ezer faltako, izango baitira baserriko produktuak (barazkiak, esnekiak...), sagardoa, haragia edota gazta, besteak beste.
Aurten ere, giro paregabea
Nahiz eta udazkeneko azokaren aurtengo edizioa Behobia-Donostia lasterketa ospetsuaren egun berdinean izan, antolakuntzatik aurreikusi dute aurten ere pasa diren urtetako giro ona sortuko dela: «Paseatzen ari den jende askok azoka dagoela ikusten du, eta bertan gelditzen dira pixkatean. Gainera, eguraldi ona egingo duela iragarri dute, beraz, espero dugu aurreko urtetako giro ona sortzea».
Horregatik guztiagatik, «jendea animatu nahi dugu bertaratzera, eguraldi ona egingo du, jatekorik zein edatekorik ez da faltako, ezta giroa ere, eta postuetan eskaintza dexente izango da erosketak egiteko».