Xabi Solano ereñotzuarrak aktore papera hartuko du lehenengoz, Hernaniko Biteri kultur etxean, urtarrilaren 20an eta 21ean. 'Aitaren hauspoa' obrako pertsonai nagusia izango da, Sua Enparantza aktore eta dantzari donostiarrarekin batera, eta Ximun Fuchsen zuzendaritzapean. Ostegunean (azaroak 5) aurkeztu zuten medioen aurrean, Biterin, eta aipatutako protagonistez gain, Hernaniko Udaleko Aitor Huizi Kultura zinegotzia izan zen bertan.
Antzezlana berezi baino bereziagoa izango da Solanorentzat, bere bizitza pertsonalean asko markatu dion gertakari batetik abiatzen baita; aitaren heriotza. Bere «bihotza biluztuko» du ereñotzuarrak eszenatokian, eta antzezlanaren bidez kontatuko du nola bizi izan dituen une jakin batzuk, aita galdu zuenetik: «Duela hiru urte nire aita hil zen, eta krakateko haundia sentitu nuen, hutsune haundi bat utzi zuen etxean. Gure etxean bi trikitilari gaude, arreba eta ni, aita ez zen trikitilari jolea, berarentzat instrumentu hutsa baino askoz gehiago zen, bizimodu bat zen trikitixa. Bera joan zenetik, trikitixa hartze hutsa pisutsuagoa egiten da, istorio eta bizipen asko ekartzen dizkit gogora».
Eta Solanok kontatu zuenez, hiru pertsonaia agertuko dira antzezlanean: Sua Enparantzarena, Xabi Solanorena, eta trikitixa bera, aitaren figura irudikatu duena. Horien bitartez kontatuko dira «oroitzapenak, istorioak, bizipenak, tristurak eta isiltasunak, besteak beste». Eta horren bitartez, helburua da ikuslegoak zerbait eramatea etxera antzezlanetik: «Kontzertu bat ematerakoan, askotan, oraindik nire aita ikusten dut niri begira. Lehen beti bere dei bat jasotzen nuen kontzertuen ostean, galdetzeko ea zer moduz joan zen. Eta orain gogo haundia sartzen zait kontzertuen ondoren berari deitzeko, eta kontatzeko nola joan zen. Baina jada berandu da. Orduan, jendeari piztu nahi diot gogo hori, momentu garrantzitsu baten ondoren aitaren ahotsa entzuteko gogo hori; izan ere, ahal den bitartean, beranduegi izan baino lehen, egin behar da».
Hori bai, hain gertutik eragiten dizun gai bat tratatzea, modu honetan, beldurgarria izan daiteke: «Aitortu behar dizuet beldurtuta nagoela; kontzertu asko eman ditut eszenatoki haundietan, baina musikariok beti esaten dugu gertutasuna nahiago dugula, leku txikitan jotzea gustuko dugula, hori da bilatzen duguna hemen Biterin».
Sua Enparantzak, bere partetik, «ilusio haundiz» jaso zuen proposamena. Aktore eta dantzariak baiezkoa emateko «arrazoi asko» zituela adierazi zuen: «Batetik, Ximun Fuchs eta Xabi Solanorekin lan egiteko aukera; txikitako Suari kontatuz gero, ez luke sinistuko. Bestetik, antzerkian aritzeko aukera. Orain arte telebistan egin dut lan, eta hau izango da niretzako lehen antzezlan profesionala. Horrenbestez, urduri eta beldur puntu batekin ere banago».
Hirugarren aspektu bat ere aipatu du, baiezkoa emateko arrazoi gisa. «Aitatasunaz hobeto nork hitz egin dezake, alaba batek baino?». Gainera, aktoreak kontatu bezala, bere aita euskal preso politikoa da, «preso egon da txikia naizenetik», sartu-atera horretan egon da beti, eta aurten espetxeratu dute bostgarren aldiz. Beti izan da «motxiladun haurra», Enparantza. Eta orain «motxiladun gazte/heldu» bezala harrapatu du antzezlan honek.
Azkenik, Ximun Fuchs zuzendaria mintzatu zen Solanoren istorioa antzerki bihurtzearen erronkaz: «Istorioak asmatzearen beharrik ez dago, edonon daude istorioak, kalera atera eta topatzen duzun lehen tabernan bertan. Baina erronka da istorio hori antzezlan bilakatzea, ulerterraza izateko ikuslegoarentzat, eta ikuslegoak istorioarekin konektatzeko. Uste dut antzerkian, istorioaren erdia kontatzen dutela aktoreek, eta beste erdia osatzen duela ikuslegoak».
Zuzendariak nabarmendu du ere plazerra dela Solanorekin zein Enparantzarekin lanean aritzea: «Xabi, nahiz eta ofizioz aktorea ez izan, senez aktore haundia da. Eta Suarekin lan egin nuen dantza ikuskizun batean. Lehen aldia da antzezlan batean topatzen garela. Hasi ditugu entseoak, eta uste dut emozio asko mugitzen direla antzezlanean».