«Haundiagoa da presioa Gipuzkoako edo Euskadiko txapelketan, Espainiakoan baino»

Julen Borreguero Fernandorena

Gazteak dira oso, Hernani Igeriketa Taldeko Jurdan Zaldua eta Uxue Santxo, baina jada pilatu dute esperientzia dexente igeriketa munduan. Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetan ez ezik, Espainikoan ere lehiatu dira, azken bi denboraldietan. Hurrengo erronka: Espainiako Autonomiarteko Txapelketan egotea, Euskadirekin.

 

Hernani Igeriketa Taldeko kideak dira Jurdan Zaldua eta Uxue Santxo, 2011n eta 2010ean jaioak, hurrenez hurren. Oraindik ez dakite zer ikasiko duten institutua amaitzean, baina igerian jarraitu nahi dutela argi dute. Orain arte, aritu dira esperientziak pilatzen, Gipuzkoako, Euskadiko, eta azken bi denboraldietan, Espainiako txapelketan parte hartuz. Ez da gauerdiko ahuntzaren eztula, 15 eta 16 urteko gazteak direla kontuan izanda... 

Eta argi dituzte ere haien hurrengo erronkak: Espainiako autonomia erkidegoen txapelketarako Euskadiko aurre-selekzio fasean daude, eta dena emango dute behin-betiko konbokatorian sartzeko, urtarrilean aditzera emango dutena.

 

Nolakoa izan zen zuen esperientzia Espainiako txapelketan?

Jurdan Zaldua: Lehendabiziko Espainiako txapelketa izan genuen biek Ciudad Realen. Entrenatzaileak esan zigun bera entrenatzaile denetik lehen aldia zela Hernani Igeriketa Taldeko kiderik Espainiakora joaten zela. Eta ilusio haundia egiten zigun, lehen aldia baitzen. Sumatzen zen maila altuagoa zela, Gipuzkoako edo Euskadiko txapelketekin alderatuta, igerilarien mailari dagokionez, eta antolakuntzaren zein instalazioen aldetik.

Uxue Santxo: Ni lehenengo aldian oso urduri jarri nintzen, baina disfrutatu nuen. Gainera, ez nuen espero marka minimoa lortzea eta sailkatzea.

 

Azken Espainiakoan, emaitzak hobetu zenituzten?

U.S.: Nire kasuan neguan emaitza hobeak lortu nituen. Udakoan, Sabadellen, nekatuago nengoela uste dut, azken finean denboraldi osoko nekea nuen pilatua. Halere, finala jokatzeko aukera izan nuen.

J.Z.: Negukoa niretzat izan zen lehen aldia proba bat baino gehiagotan parte hartzen nuela, eta nahiko lasai joan nintzen. Emaitzekin gustora geratu nintzen. Nire helburua lortu nuen: hiru probetan finalera pasatzea. Udarakoan itxaropena txikiagoa zen, entrenamendu aldetik ere lasaiago ibili nintzelako, baina emaitzekin gustora geratu nintzen ere. Egin nituen lau proba: 100 libre, 50 libre, 200 libre eta 200 'estilos'. Guztietan nire marka pertsonala hautsi nuen.

 

Nolakoa da zuen egunerokotasuna?

U.S.: Goiz osoa pasatzen dugu ikastetxean. Eta arratsaldeetan entrenamendua izan ohi dugu. Astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan Hernanin entrenatzen dugu, arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara. Ordura arte arratsaldea aprobetxatzeko astirik badugu; lagunekin egoteko edo etxekolanak egiteko. Orain hasi gara entrenatzen Donostian, eta ikastolatik joan behar izaten dugu zuzenean.

J.Z.: Hori da, aurten hasi gara Donostian entrenatzen, Federazioko teknifikazio zentroan, eta institutotik atera eta zuzenean goaz hara, astearteetan eta ostegunetan.

U.S.: Egun horietan 15:30ak aldera hasten da entrenamendua: asteartetan 19:00ak arte, eta ostegunetan 18:00ak arte.

 

Nola prestatu zineten Espainiako txapelketarako

U.S.: Ez genuen ezer berezirik egin. Gainontzeko igerilariek denboraldia bukatu zutenean guk jarraitu egin genuen entrenatzen, Donostian, bertako igerilekua 50 metrokoa baita, Espainiako txapelketakoa bezala. Entrenamenduak baziren pixka bat gogorragoak, baina nahiko berdin jarraitu genuen.

J.Z.: Nik 2025eko txapelketaren kasuan Laudion entrenatu nuen. Hernaniarra naizen arren, aita bertakoa dut, eta udako zati gehiena han pasa ohi dut. Gainera bertako igerilekuak 50 metrokoak dira, eta entrenatzeko aproposak ziren, nahiz eta pistina irekiak izan eta umeak bueltaka ibili. Beraz hor entrenatzen nuen, entrenatzaileak pasatako ariketekin. 

U.S.: Bakarrik entrenatzen genuen gainera, eta aspertu egiten ginen, entrenamenduak luzeagoak egiten zitzaizkigun. 

J.Z.: Hori da, hemen azken finean serie artean beti izaten dugu hitz egiteko ohitura, kotilleo pixka bat... Eramangarriagoa da bakarrik entrenatzea baino. 

 

Nola hasi zineten igeriketan?

U.S.: Urtebete baino gutxiagorekin hasi nintzen ikastaroetan, ordutik ez dut utzi. 2020an amak esan zidan ea Igeriketa Taldean parte hartu nahi nuen. Animatu egin nintzen, eta geroztik nabil hemen igerian.

J.Z.: Ni ere txikitan hasi nintzen ikastaroetan. Gero astebururo joaten nintzen aitarekin igeri egitera, aitari beti gustatu izan zaiolako, eta horrela ikasi nuela esan daiteke. Ikastarotan ari nintzela, monitoreak esan zien nire gurasoei Igeriketa Taldean aritzeko nahikoa maila nuela. Sarbide probak pasa nituen, eta klubean sartu nintzen, Uxuerekin batera, orain dela 6 urte. 

 

Zein da zuen hurrengo erronka?

J.Z.: Nik aurten izan dut kategoria aldaketa. Pasa den denboraldian infantil kategorian nengoen, eta juniorrera (2009-2011 bitartean jaioak) pasa berri naiz. Aurtengo Espainiakora sailkatzeko behar nituen denbora minimoak lortu nituen aurreko txapelketan, crolleko hiru probetan, baita 50 metro tximeletan ere. Eta aurtengo helburua da sailkatzea Espainiakoetara proba gehiagotan, eta ahal den guztian hobetezea. Gero, otsailean jokatzen da Espainia mailan txapelketa bat, autonomia erkidego ezberdinetako selekzioena. Euskadiko selekzioarekin aurre-konbokatuak izan berri gara. Entrenamendu batzuk egingo ditugu: 14 mutil ari gara entrenatzen, eta 12 joango dira txapelketara. Preselekzioko azken entrenamendua urtarrileko bigarren astean egiten da, horren ondoren jakingo dugu konbokatu gaituen ala ez. 

U.S.: Nire kasuan ere autonomien txapelketan egotea da helburua. Bestalde, Espainiako txapelketei begira, marka lortua dut 50 metro bularrekoan. eta saiatuko naiz marka lortzen 100 metro bularrekoan, baita Espainiako minima absolutuko marka lortzen ere; pasa den urtean ehunen batera geratu nintzen.

 

Diferentzia haundia dago Gipuzkoako edo Euskadiko txapelketen eta Espainiako txapelketaren artean?

U.S.: Gipuzkoakotan urduriago
jartzen naiz. Espainiakoen kasuan, egia da lehendabizikoan urduri nengoela, baina besteetan lasai hartu nuen, eta emaitzak hobeak izan ziren. Espainiakora zoaz denbora minimoa lortua duzun lasaitasunarekin. Gipuzkoakotan eta Euskadikotan marka lortzeko presioa duzu.

J.Z.: Espainiakoetan lana egina duzu. Entrenatzaileek eta familikoek esan ohi digute zailena dela marka ateratzea eta txapelketara sailkatzea. Behin hori eginda, ahal duzun guztia ematea da egitekoa. Halere, presio puntu bat badago, denboraldi osoa pasatzen dugulako horretarako prestatzen. Euskadikoen eta Gipuzkoakoen kasuan ezberdina da, minima egin beharra dago, eta lagunekin pikea ere badago.

 

Igeriketaz gain, zein beste zaletasun dituzue?

U.S.: Kirola orokorrean. Mendira joatea adibidez; gutxi joaten naiz, baina gustuko dut.

J.Z.: Nire kasuan parranda. Askotan esaten didate ez dela oso bateragarria igeriketarekin, eta egia da, baina momentuz gai izan naiz uztartzeko. Pasa den ekainean, San Joanetako azken egunean Euskadiko txapelketa genuen. Normalean asteburu osoan banatzen dira probak: larunbat goizean zein arratsaldean, eta igande goizean zein arratsaldean. Nik metatu nituen lau probak larunbatean, eta gero parrandan atera nintzen, pixka bat nekatuta nengoen arren. Bestela, mendira joatea ere gustuko dut, asteburu dexentetan joan ohi naiz lagunekin edo gurasoekin. Futbolean jokatzea ere gustuko dut, lagunekin.

 

Eta ikasketei dagokienez?

U.S.: Nik oraindik ez daukat oso argi. Seguruenik kirolarekin zerikusia duen zerbait.

J.Z.: Batxillergoa egin nahi dut. Unibertsitatea ez dago nire planetan. Goi mailako graduren bat egin nahi dut. Eta gero, suhiltzailea izatea da plana. Igeriketari dagokionez, hobbie bezala ondo dago, baina ez dut nahi behar duena baino denbora gehiago kentzea.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!