Aurtengoa baino %5,9 haundiagoa da udal gobernuak 2027rako prestatu duen aurrekontua, 42.273.000 eurokoa

Beñat Los Arcos Ayerdi

Aitor Lukas, Xabier Lertxundi eta Ainara Atorrasagasti, aurkezpenean.

Gainerako udal taldeei aurkeztu die, eta negoziaketa fasean daude orain. Igoerarekin, «beste urrats bat» eman nahi du udal gobernuak, zerbitzu publikoak indartuz, trantsizio ekosozialean aurrera eginez, eta etxebizitzaren arloan neurriak hartuz.

 

%5,9 haundiagoa da, aurtengoarekin alderatuta, Hernaniko udal gobernuak 2027rako prestatu duen udal aurrekontua: 42.273.000 eurokoa da, denera. Igoera horren arrazoi nagusi gisa aipatu dituzte bi: Foru Funtsetik jasoko duen ekarpena haundiagoa izango dela, eta Udalak azkeneko urteotan «politika fiskalean hartutako erabakiak».

Joan den astean aurkeztu zien aurrekontu proposamena gainerako udal taldeei, eta negoziaketa fasean sartu dira orain. Prentsaurrean, berriz, asteazkenean eman zituzten aditzera aurrekontuaren nondik norakoak, Xabier Lertxundi alkateak eta Ainara Atorrasagasti eta Aitor Lukas alkateordeek. Nabarmendu zuten, «kopuruaz harago», aurrekontuek erakusten dutela «zer lehenesten dugun eta zer herri eraiki nahi dugun. Gaur hartzen ditugun erabakiek berehalako eragina dute herritarren egunerokoan, eta datozen urteetarako oinarriak ere ezartzen dituzte. Horixe da gure ikuspegi politikoa: gaurko beharrei erantzutearekin batera, biharko Hernani prestatzea».

Horrela, legegintzaldi aldaketa izan den urterako, zenbait ardatz nagusitan jarri du fokua udal gobernuak.

 

Zerbitzu publikoak indartzea, behar berriei erantzuteko

%5,1 haundituko du Udalak zerbitzu publikoetako gastu arrunta, «zerbitzuei eutsi eta horiek hobetzeko, baita udal kontratuetako langileen hitzarmen kolektiboetan jasotako hobekuntzak bermatzen jarraitzeko ere». Horren adibide gisa aipatu dute Etxeko Zaintza Zerbitzuak izango duen aurrekontu igoera.

Era berean, gazteria sailak ere izango du igoera nabarmena, %40koa: «Horren atzean dago, azken urteotan hezkuntza formalarekin zein ez-formalarekin elkarlanean egindako lanaren eta eraikitako sarearen emaitza». Horrela, besteak beste, Gaztelekua irekiko dute berriro, eta auzoetako haurrentzako tailerrak indartuko dituzte, «haurrek, nerabeek eta gazteek izan ditzaten beren espazioak, aukerak eta erreferenteak».

Horrez gain, «epe luzeko apustua» egingo dute inklusioaren arloan ere: «Eskualdeko udalekin eta Beterri Buruntza Mankomunitatearekin batera, inklusio estrategia integrala landuko dugu, eta partida bat jasoko dugu inklusio zentroa egokitzeko».

Eta indartu egin nahi dituzte, baita ere, hainbat eragilerekin dauzkaten hitzarmenak. Hitzarmen berriak aurreikusi dituzte Bertsozale Elkartearekin, Kantuzekin eta Gorakirekin; indartu egingo dute Berriak Elkartearekin daukaten merkataritza-hitzarmena; eta %5 haundituko dituzte auzo elkarteekin dauzkatenak, «auzoko jaietara bideratzeko eta auzoko bizitza sustatzeko».

 

Etxebizitzaren arloan, bi ekintza nagusi

Bestalde, etxebizitzaren arloak «erantzun osagarriak» eskatzen dituela nabarmendu du udal go­bernuak, eta bide horretan, bi ekintza nagusi markatu dituzte. Batetik, etxe hutsak mobilizatzeko lana indartuko dute 2027an, Etxebizitza Behatokiari aholkularitza juridikoa gehituz. Eta bestetik, etxebizitza sozialak sustatzeko planarekin jarraituko dute: «Etorlurrekin hitzarmena sinatuko dugu urte bukaeran, Floridako babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko partzela bat Udalak jasotzeko. 2027an egingo diogu lursail horien lagapena Eusko Jaurlaritzari, bertan alokairura bideratutako 40 etxebizitza eraiki ditzan».

«%40ko igoera izango du gazteria sailak; besteak beste, Gaztelekua berriro irekitzeko eta auzoetako haurren tailerrak indartzeko».

Trantsizio ekosozialaren bidean, hainbat erabaki

Trantsizio ekosozialean ere jarri du arreta berezia udal gobernuak, azken urteetako ildotik. «Emaitzek erakutsi digute trantsizio ekosoziala badela baliabide publikoak hobeto kudeatzeko aukera ere. Energia gutxiago kontsumituz eta hondakinak behar bezala bereiziz, udal gastua murriztea lortu dugu», diote. Horrela, batetik, instalazio fotovoltaiko eta termikoak jartzen eta argiteria LED sistemara aldatzen jarraituko dute. Bestetik, uraren kudeaketarako, 162.000 euroko partida aurreikusi dute kontagailuak berritzeko, eta lanean jarraituko dute ur galerak saihestu eta kudeaketa hobetzeko. Eta %15 haundituko dute lehen sektorera bideratutako ekarpena. Besteak beste, baliabideak jarriko dituzte, Hernanikua egitasmoaren baitan, «Karabelgo baratzetako ekoizpena bultzatzeko, dinamizazioa eta formakuntza indartzeko, Nekazaritza Eskolaren koordinazioa lantzeko eta ekintzaile berriei laguntzeko». Izan ere, nabarmendu dute tokiko elikagaiak bultzatzearen garrantzia, trantsizio ekosozialaren bidean.

Baina horrez gain, adierazi dute «ezinbestekoa» dela erabaki horiek guztiek oinarri zientifikoa eta ezagutza sendoa izatea. Eta horretarako ere sinatuko du lau urterako hitzarmena Udalak, BC3 enpresarekin: «Haren laguntza zientifikoarekin, garatuko dugu Hernaniko Trantsizioaren Behatokia, udal politiken eragina aztertzeko, hobetu beharrekoak identifikatzeko, eta etorkizuneko erabakiak datuetan oinarritzeko».

 

Kulturgune berriaren lanketa, eta Urbieta kalea behin betiko peatonalizatzea

Herriko espazioak «egokitzea eta etorkizunerako prestatzea» ere jarri du jomugan udal gobernuak, 2027ko plangintzan. Eta ildo horretan, «auzoak biziberritzen jarraitzeko» asmoa azaldu du, «herriko kaleak, plazak eta ekipamenduak egokituz, eguneroko bizitza errazteko eta herritarren arteko topaguneak indartzeko».

Arlo horretan, hiru ekintza nagusi nabarmendu dituzte datorren urterako. Horietako bat da «kulturgune berriak eta lur azpiko aparkalekuak ekarriko duten eraldaketa». 2027an zehaztuko dute Lizeaga auzorako proiektua, hurrengo urtean obrak hasteko helburuarekin. «Epe luzeko esku hartzea da, aukera emango duena berrantolatzeko inguruko espazioak eta herritarrek horiek erabiltzeko modua», azaldu dute.

Urbieta kaleari dagokio bigarrena: behin betiko peatonalizatuko dute datorren urtean, «ikusita bere garaian egindako apustuak emaitza onak izan dituela». Horrekin, sendotu nahi dute Urbieta kaleak «herritarren topaketarako eta komunitate bizitzarako duen balioa».

Eta arlo honetako hirugarren ekintzak «etorkizunerako azpiegiturekin» dauka lotura: «Zuntz optikoko sare neutroa zabaltzen jarraituko dugu. Helburua da lau urterako plangintza estrategikoa garatzea, hedapena norabide argiarekin egiteko». Horrekin herritarrei zein enpresei eskaini nahi diete «konexio azkarragoa, kalitatezkoa eta irisgarriagoa». 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!