Auzozaintza eta Bidea, Zaintzaldiagatik eta Burujabetzen Asteagatik eskertuta

Julen Borreguero Fernandorena

Burujabetzen Eguneko agerraldiaren ondorengo argazkia.

Ekimenek herrian izan duten eragina nabarmendu dute, baina diote oraindik lana egiteko dagoela.

 

Pozik bezain eskertuta agertu dira Hernaniko Auzozaintzatik eta Bidea Herritar Elkartetik, aurtengo Zaintzaldiaren zein Burujabetzen Egunaren ondoren. Bideak eskerrak eman dizkie Burujabetzen Eguna aurrera ateratzen lagundu dutenei, eta pozik daude «irudi ederrak utzi zizkigun egunaren bilakaerarekin eta herriko eragile ezberdinek eta herritarrek izandako parte hartzearekin». Bestalde, adierazi dute helburua zela «burujabetzen alde lantzen ari garen prozesuan egin ditugun aurrerapenak erakusteaz gain, herriko beste hainbat eragilek beraien lana eta jarduera erakusteko aukera izatea».

Azkenik, adierazpen bat zabaldu du Bideak, eta herriko 60 eragilek baino gehiagok bat egin dute horrekin: «Aldaketa eta ezegonkortasun haundiko garaiak bizi ditugu. Trantsizio ekologiko eta soziala abiatzea gero eta beharrezkoagoa da. Eraldaketa horiei elkarrekin erantzun nahi diegu Hernanitik: bertako produktuak ekoitzi eta kontsumitu, energia berriztagarria sortu eta autokontsumo bidez partekatu, zaintza proiektu berriak martxan jarri edota etxebizitzaren arazoari lehentasuna eman. Adierazpen hau sinatzen dugun herriko eragileok, guztiontzako bizigarria izango den trantsizio ekosozialarekin dugun konpromisoa berresten dugu».

Beste alde batetik, Auzozaintzatzik adierazi dutenez, aurtengo Zaintzaldiaren helburua zen «Auzozainen lana eskertzea eta aitortzea, baita bizilagun berriak parte hartzera animatzea ere. Zaintzaldiak, elkar-zaintzaren garrantzia ikusgarri egin du herrian, baina bilaketak martxan jarraitzen du eta Auzozainen bila jarraituko dugu. Sinetsita gaude besteekiko eta gure inguruarekiko egiten dugun keinu txiki bakoitzak Hernani bizigarriagoa egiten laguntzen digula. Beraz, animatu eta izan zaitez Auzozain!».

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!