«Saiatzen gara erresistentzian jartzen fokua, baina oso gogorrak dira Hariakeko istorioak»

Beñat Los Arcos Ayerdi

Su Hernandez eta Itsaso Lekuona, aurtengo saioen kartelak atzean dituztela.

Gaur hasiko da erresistentzia istorioen zinemaldia, Kulturarteko Plaza Feministan. Bost urtetan «sentsibilizaziorako ekimen potente» bilakatu da, eta hernaniarren barrenak mugituko ditu aurten ere, emakumeen eraikuntza kolektiboa ardatz.

 

Gutxi izango dira kredituei begira geratzen direnak, edozein film, dokumental edo telesailen bukaeran. Baina kredituen tarte hori «beharrezkoa» izaten dute Hariak zinemaldira bertaratzen direnek, «arnasa hartzeko eta ikusitakoari buelta emateko». Hala aitortu du Amher elkarteko Su Hernandezek: «Barrenak mugitzen dizkizu, eta behar duzu denbora pixka bat, solasaldiaren aurretik. Baina, era berean, behar duzu solasaldi hori ere, asko laguntzen baitu ikusi eta sentituakoa konpartitzeko aukera izateak».

Izan ere, «oso gogorrak» dira Hariak zinemaldian azaleratutako istorioak, «nahiz eta saiatzen garen erresistentzia istorioan jartzen fokua, desesperantzarako garai honetan», azaldu du Itsaso Lekuona lankidetza zinegotziak.

Bosgarren edizioa du erresistentzia istorioen zinemaldiak Hernanin, eta gaur ekingo dio aurtengoari, «sentsibilizaziorako ekimen potente» bilakatu izanaren indarrarekin. Arratsaldeko 18:00etan proiektatuko dituzte aurtengo filmen trailerrak, eta lehenengo dokumentala eta solasaldia izango dira ondoren. 

Horretarako gunea, ohi bezala, Kulturarteko Plaza Feminista izango da: «Aipatu izan dugu ez dela filmak ikusteko tokirik erosoena, eta txiki geratzen dela; erraza izan liteke Biterira mugitzea. Baina ondorengo solasaldian sortzen den giroak, eskatzen du toki goxo bat eta gertutasuna, eta ez areto haundi bat. Testigantza gogorrak entzun ditugu bertaratuen eskutik, eta aitortu izan digute ausartu direla beste egoera batean egingo ez lituzketen aipamen eta galderak egitera, giroa aproposa delako».

 

«Badago muga bat oraindik, aurrenekoz gerturatzeko; baina etortzen dena eroso sentitzen da eta errepikatu egiten du»

Lekuonak eta Hernandezek azaldu dute, badaudela hainbat herritar proiekzio gehien-gehienetara joaten direnak, baina saio guztietan dagoela «norbait berria. Eta polita da ikustea, aurrenekoz etortzen dena, saio gehiagotara datorrela gero. Badago muga bat oraindik, espazio honetara eta horrelako proiekzioetara etortzeko. Baina etortzen dena eroso egoten da, eta errepikatu egiten du». 

Zentzu horretan, herritar guztiak animatu dituzte bertaratzera: «Sentsibilizazioa da helburua, eta ez dago gaiaz jakin beharrik, erraztu egiten dugu lan hori. Probatu dezatela, gehien mugitzen dituen gaiarekin; eta ziur horrek animatuko dituela beste saio batzuetara etortzera».

Hariak zinemaldian ohikoak direnek, «asko eskertzen digute istorio hauek ekartzea eta ezagutzeko aukera ematea, eta esan izan digute luxu bat dela horrelako zine ziklo bat izatea Hernanin. Izan ere, dokumentalak nahiko berriak izaten dira, eta ez da toki askotan izaten aukera horrelako hizlariekin solasean aritzeko. Bestalde, esan izan digute, hori bai, oso gogorra egiten zaiela horrelako gaiei buruzko hainbeste dokumental ikustea egun gutxiko epean. Horregatik saiatzen gara hari positiboak bilatzen».

 

Emakumeek komunitatea eraikitzeko hartzen duten ardura, aurtengo haria

Ez da kasualitatea izaten, Hariak zinemaldian, dokumentaletako protagonistak edo egileak emakumeak izatea; horixe bilatzen dute antolatzaileek. Eta aurtengo edizioaren haria, izango da emakumeek komunitatea eraikitzeko hartzen duten ardura, munduko txoko ezberdinetan: «Domental ezberdinak ikusita, hariak azaleratzen dira, eta konturatzen zara munduko punta batean egiten ari direna, oso antzekoa dela beste batekoarekin. Adibidez, ziur gaude Zikuñagako emakumeak idenfitikatuta sentituko direla Sevillako 'Ellas en la ciudad' dokumentalarekin». 

 

HARIAK ZINEMALDIA

ASTE HONETAKO SAIOAK

GAUR, osteguna

18:00, Dokumentala: 'Hutsune handi bat'. Euskal Herria, 62 minutu. Ondoren, solasaldia: Anne Zufiaur gaiaren ikertzailea eta Alex Areizaga dokumentalaren zuzendaria.

BIHAR, ostirala

18:00, Dokumentala: 'Cómo construir una biblioteca'. Kenia, 103 minutu. Ondoren, solasaldia: Mamadou Moustapha Ngom Dieng (Marra Junior), Euskal Herriko Mugimendu Panafrikarreko sortzailea eta kidea.

ETZI, larunbata

11:00, Dokumentala: 'Ellas en la ciudad'. Andaluzia, 70 minutu. Ondoren, solasaldia dokumentaleko protagonista diren Marisa Calvo Azpeitia eta Natividad Asuero Sanchez.

18:00, Dokumentala: 'Black Water'. Bangladesh, 82 minutu. Ondoren, solasaldia: Lorea Flores, Hego Euskal Herriko Greenpeaceko koordinatzailea.

AZAROAK 8, igandea

18:00, Dokumentala:
'Sustraiak'. Euskal Herria, 73 minutu. Ondoren, solasaldia: dokumentalaren zuzendaria, Luis Arrieta, eta Bachir, protagonistetako bat.

 
 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!