'Ekodron'en buru izango da Hernani Gizarte Berrikuntzako LHII

Julen Borreguero Fernandorena

Hernani Gizarte Berrikuntzako LHII ikastetxeko ikasle zein irakasleak.

Proiektua dron bat garatzean datza, espezie ezberdinen haziak landatzeko gai izango dena.

 

'Ekodron' proiektuaren lidergotza hartzeko aukeratua izan da Hernani Gizarte Berrikuntzako LHII ikastetxea, Caixabank Dualiza deialdiaren baitan. Proiektuan izango ditu bidelagun Irungo Bidasoa LHII eta Bizkaiko Derio Nekazaritza Eskola LHII. Helburua da herrialdeko baso zein ekosistema degradatuak berritzea, eta horretarako garatuko dute dron bat, airetik espezie ezberdinen haziak landatzeko gai izango dena.

Horrela, proiektuaren lider gisa, lehen pausua emango dute Hernaniko ikasleek eta irakasleek. Dronaren egitura eta fuselajea diseinatu eta fabrikatuko dituzte, 3D inprimaketa teknologia aurreratuak (SLS eta karbono-zuntza) erabiliz. Ondoren, Bidasoakoak zentratuko dira dronaren aeronautikan eta hegaldi-sisteman, integratuz potentzia, kontrol-sistemak eta haziak askatzeko dosifikatzaile mekatronikoa. Azkenik, Derio Nekazaritza Eskolakoak elkarlanean ariko dira Neiker zentro teknologikoarekin batera, bertako landareen haziak bildu eta tratatzeko, baita algetan oinarritutako estaldura bio-degradagarria garatzeko ere. Estaldura honi esker, haziek dronetik lurrerako airezko bidea babesturik egin ahalko dute.

Maiatza aldera, intentzioa da prototipo funtzional bat fabrikatzea. Hegaldi proba bat egingo da, elementu guztien funtzionamendua egokia dela egiaztatzeko. Hernaniko ikastetxea hasi da jada diseinu lanekin.

Hernaniko Gizarte Berrikuntzako LHII ikastetxetik, bestalde, nabarmendu dute teknologia garapenaz haratago proiektuak eragin haundia izango duela lanbide heziketako ikasleen zein irakasleen gaitasunen garapenean; izan ere, dronen fabrikazio aditiboa eta optimizazio teknologikoa praktikan jarriko dute, aditu baten gidaritzarik izan gabe.

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!