Oso partidu gogorra zeukan Hernanik, igandean Landaren; eta zailatsuna berretsi zuen Cienciasek: 19-40 nagusitu zen, bost puntuak Sevillara eramateko. Emaitzak, ordea, ez du islatzen trikoloreek erakutsitako maila, estu hartu baitzuten talde andaluziarra. Are gehiago, ordu erdiren faltan ia parean jarri zitzaizkien (19-21), Ibon Gonzalezek bikain harrapatu zuenean Beñat Arizetak ostikoz emandako pase ederra. Baina lehia estuen zegoenean, berehala lortu zuen beste entsaio bat Cienciasek, bere laugarrena; eta bi gehiago pilatu zituen hurrengo minutuetan, hernaniarrak baino finago arituta une erabakigarrietan. Erasoko bonusa ere ezin izan zioten kendu trikoloreek, azkenean.
Hasieratik zaildu zitzaion partidua Hernaniri, 10 minututan bi entsaio lortu baitzituzten sevillarrek (0-14). Baina indar berarekin erantzun zioten trikoloreek kolpeari, eta beste 10 minutuko tartean bi bider jarri zuen baloia marraren bestaldean Oier Zabalbeaskoak (12-14).
25garrenean lortu zuen bere hirugarren entsaioa Cienciasek, baina partidua egonkortu eta parekatu egin zen hortik aurrera. Andaluziarrak indartsuago aritu ziren uztartzeetan, eta hernaniarrek topatu zituzten zirrikituak, kontrarioa oso gogorra izanda ere, bere baloi mugimendu azkarrekin min egiteko.
12-21ekoarekin, atsedenaldian sentsazioa zen partiduari buelta emateko gai zirela hernaniarrak, eta sentsazio hori areagotu egin zen bigarren zatiaren hasieran, Ibon Gonzalezen entsaioarekin. Ez zen erabatekoa izan Cienciasen nagusitasuna hortik aurrera, eta izan zituen Hernanik markagailuan berriro gerturatzeko aukerak, baina ezin izan zuen asmatu azkeneko metroetan.