Bihar hasiko da Mendizale Astea, Biteritik Lesothora bidaia eginez

Beñat Los Arcos Ayerdi

Igone Mariezkurrena, Lesothoko hainbat bizilagunekin.

Astelehenetik ostegunera izango da proiekzio eta solasaldi bana, 19:30etan hasita; eta ostiralean argazki lehiaketaren sariak.

 

Bihar hasiko da urteko aste bereziena, Mendiriz Mendi elkartearen egutegi oparoan. Mendizale Astea ospatuko dute bihartik ostiralera, iluntzero proiekzioak eta solasaldiak eskainiz Biteri kultur etxean. Eta azaroaren 15ean borobilduko dute ospakizuna, bazkideen egunarekin: Arantzan jarri dute zita aurtengoan, mendi irteera eta bazkaria egiteko.

Iluntzeko 19:30etan hasiko dira saioak astelehenetik ostegunera, eta Lesothora bidaia eginez hasiko dute astea bihar. 2024ko udazkenean bizikletaz egindako bidaia kontatuko du Igone Mariezkurrenak. Lau asteko bidaia egin zuen bizikletaz, bakarrik, 'etxea' eta material guztia gainean hartuta. Lesothon barrena ezagutu eta bizitakoak emango ditu aditzera, ordubete pasatxoko saioan.

Asteartean, berriz, eskaladaren txanda izango da. 'Harri, orri, arkatz' proiektua azalduko du Club Vasco de Campingeko Jon Herranzek, eskaladako krokisak ezagutaraztea helburu duena, hainbat eskalatzaileren eta artisten begiradaren bitartez.

Iñaki Zuza izango da hizlari asteazkenean, eta kontatuko du nolakoa den mendi gidari baten lana, Antartikako Livingston uharteko base zientifiko batean.

Eta ostegunean, azkenik, mendietako buzoiak izango ditu hizpide Iñaki Sanz-Azkuek, Iñaxio Sanz aitaren begiradatik. Euskal Herriko buzoien historiaren hastapenetatik abiatuko da, eta Hernaniko buzoien bilakaera landuko du ondoren.

Ostiralekoa, ohi bezala, gaztetxoei dominak banatu eta argazki lehiaketako irudi onenak saritzeko eguna izango da, 18:00etan hasita. Ekitaldi horretan proiektatuko dituzte gaztetxoekin egindako irteeretako zein elkartearen gainerako jardueretako irudiak.

 

Arantzara mendi irteera eta bazkaria, azaroaren 15ean

Bazkide egunarekin borobilduko dute Mendizale Astea, ohi bezala. Azaroaren 15ean izango da, hurrengo igandean; eta Arantzan ospatuko dute oraingoan. 12 kilometroko mendi irteera prestatu dute, eta bertan bazkalduko dute ondoren.

 

MENDIZALE ASTEA

EGITARAU OSOA

BIHAR, astelehena

19:30, 'Lesotho, Afrikako Mendietako Erresuma, bizikletaz'. Igone Mariezkurrenaren eskutik.

ETZI, asteartea

19:30, 'Harri, orri, arkatz'. Jon Herranzen (Club Vasco de Camping) eskutik, eskaladako krokisak ezagutarazteko.

AZAROAK 4, asteazkena

19:30, 'Antartika: Livingston uhartea'. Iñaki Zuzaren eskutik, azaltzeko mendi gidariaren lana base zientifiko batean.

AZAROAK 5, osteguna

19:30, 'Hernaniko mendietako buzoien historia Iñaxio Sanzen begiradatik'. Iñaki Sanz-Azkueren eskutik, Euskal Herriko buzoien historiaren hastapenaz, eta Hernaniko buzoien bilakaeraz.

AZAROAK 6, ostirala

18:00, Gaztetxoen irteerako argazkien proiekzioa, eta dominen banaketa.

Ondoren, XLVII. Argazki Lehiaketaren sari banaketa.

Azkenik, Elkarteak urtean zehar egindako jardueretako irudien proiekzioa.

AZAROAK 15, igandea

Bazkide eguna: mendi irteera eta bazkaria. Goizeko 08:00etan Hernanitik abiatu, eta Arantzara joango dira. Arantzako bira (12 kilometro, 610 metroko desnibel positiboa) osatuko dute bertan; eta bazkaria egingo dute ondoren. 55 eurokoa izango da prezioa, bazkaria barne.

 
 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!