Maila eta intentsitate haundikoak dira Ohorezko Elite Mailako partidu guztiak, baina bereziki gogorra izango da bihar Hernanik jokatuko duena, goizeko 11:30etan hasita, Landaren: Sevillako Ciencias izango dute bisitari trikoloreek, joan den urtean maila gorenean ari zena.
«Badakigu igande honetakoa ez dela edozein partidu», aitortu du Xabi Lukasek: «Ciencias talde potentea da, maila haundiko errugbia jokatzen dute, eta erronka haundia izango da guretzat». Baina partidu gogorrei aurre egiteko une aproposik bada, hauxe izan daiteke hernaniarrena. Oso bolada onean dira trikoloreak, eta Getxoko porrotaren ondoren, hiru garaipen lortu dituzte segidan. Azkenekoa, aurreko asteburuan Valentziaren kontra (43-19).
Baina garaipenetatik harago, sentsazioak dira oso onak trikoloreen artean: «Oso gustura ari gara, gure arteko konexioak hobetu ditugu egunez egun, eta eroso sentitzen ari gara zelaian». Valentziaren kontrakoak are gehiago indartu zituen taldearen sentsazio onak: «Azkar identifikatu genituen haien ahulguneak, asmatu genuen horiek baliatuta min egiteko, eta puntu asko lortu genituen», dio Lukasek.
Horrela, «aho zapore onarekin» iritsiko dira Cienciasen kontrakora, eta bere tresna indartsuenetako bat ere baliatuko dute: Landaren jokatzearen garrantzia. «Etxean jokatzen dugunean hazi egiten da taldea, eta zaleen laguntzak indar haundia ematen digu». Gauzak horrela, zalantzarik egin gabe aterako dira garaipenaren bila.