Hernanikomik azokaren bosgarren edizioa aurkeztu dute, euskera hutsekoa

Julen Borreguero Fernandorena

Ainara Azpiazu 'Axpi', Aitor Huizi eta Dani Fano, Hernanikomik 2026 aurkezten.

Azaroaren 20an eta 21ean izango da, Atsegindegin, eta goizean zein arratsaldean izango dira argitaletxeen postuak, komiki aurkezpenak, sinatze saioak, zuzeneko marrazketa, omenaldia, erakusketa, eta abar luze bat.

 

Hernanikomiken bosgarren edizioa izango dena aurkeztu zuten pasa den asteartean, Donostiako Udal Liburutegian. Azaroaren 20an eta 21ean Atsegindegi beteko da euskerazko komikiez; izan ere, euskera hutsezko komiki azoka bakarra da Euskal Herri osoan. Aurkezpenean izan ziren Hernaniko Udaleko Kultura zinegotzia den Aitor Huizi, eta Hernanikomiken antolatzaile diren Dani Fano eta Ainara Azpiazu 'Axpi'.

Hernanikomik, euskal komikigileen eta Hernaniko Udal Liburutegiaren artean antolatzen da, eta horren garrantzia azpimarratu du Aitor Huizik: «Komikiaren bueltan dabiltzan euskal sortzaileekin egiten dugun elkarlan garrantzitsua da azoka hau. Erakunde publikook askotan baliabideak ditugu, baina ekimenek funtzionatzeko, sektorearen laguntza garrantzitsua da».

 

Aniztasun haundiko egitaraua

Bi eguneko egitarau anitza prestatu dute aurtengo ediziorako. Azaroaren 20an eta 21ean, 11:00etatik 14:00etara goizez eta 17:00etatik 20:00etara arratsaldez, izango dira argitaletxeen postuak, komiki aurkezpenak, sinatze saioak, zuzeneko marrazketa, omenaldia, erakusketa, eta abar luze bat. Aurkeztuko diren komiki gehienak, udazken honetakoak izango dira, berri-berriak. 

Bestalde, aurten omenduko dute Patxi Huarte 'Zaldieroa', Joseph Camino sariarekin. Honekin, helburua da «euskal komikigileen ibilbideari aitortza egitea». Dani Fanok adierazi du Patxi Huartek komikigile bezala jasoko duen lehendabiziko aitortza dela: «'Zaldieroa' komikigilea baino gehiago da, bineta bidez zabaltzen du bere pentsamendua; bazen garaia komikigintzatik aitorpena egitekoa».

Horrela, erakusketa ere izango da Biterin, azaroaren 9tik 25era, 'Zaldieroa'ren lanaren nondik norakoak jasoko dituena. Eta omenduekin jarraituz, azokaren aurtengo edizioaren kartelaren egilea da, hain zuzen, pasa den urteko omendua: Jose Angel Lopetegi Brit 'Lope'.

 

Beroketa azaroaren 7an, eta bertso-afari margotua 20an

Azaroaren 20an eta 21ean izango da azoka Atsegindegin, baina aurretik ere berotzen hasiko dira; izan ere, azaroaren 7an herriko komertzioetako zenbait erakuslehio margotuko dituzte zortzi komikigilek, Hernani apaintzeko eta girotzen hasteko, aurtengo edizioari begira. 

Egitarauaren barruan, gainera, bertso-afari margotua izango da, azaroaren 20an Santa Barbara elkartean, 21:00etan. Uxue Alberdi eta Beñat Gaztelumendi ariko dira bertsotan; gaia jartzen, berriz, Asisko Urmeneta; eta marrazkiak egiten izango dira Amaia Carrere eta Exprai. Txartelak salgai jarriko dituzte Biterin, azaroaren 2tik 16ra, 25 euroan.

Horrez gain, Buruntzaldeako udal liburutegietan, euskal komikiak irakurri eta gomendioak egiten dituztenen artean, zozketa jarri da martxan aurten.

 

Aurrerapausoa, komikigintzak

Dani Fanok nabarmendu du azken 20 urteetan euskal komikigintzak eman duen aurrerapausoa: «Duela 20 urte euskal komikigintza ez zen batere oparoa, lau katu ari ginen komikia egiten, eta oso gutxi argitaratzen zen. Guk bakarrik kubritzen genuen azoketako euskerazko kupoa. Zorionez, urte hauetan hazi egin da euskerazko komikia, egile kopurua, urteroko argitalpenak eta argitaletxe kopurua. Elkar kutsatu gara». Hernanikomik aurrerapauso honen erakusle dela adierazi du Fanok, eta esan du lehen ez zutela aukeratzeko ahalmena, baina orain badagoela nahikoa ekoizpen egitarau oso bat euskeraz osatzeko.

 

HERNANIKOMIK 2026

EGITARAUA

AZAROAK 7, larunbata

11:00, Erakuslehio margoketa, Hernaniko erdiguneko dendetan.

AZAROAK 20, ostirala

11:00, Azokaren irekiera.

11:30, 'Egunaren adinak' elkarrizketa-tailerra. Maite Gurrutxaga.

17:00, VII. Kromiki lehiaketaren sari banaketa. Dobera.

17:30, 'Ategorrietan Finisterra'. Markel Ormazabal, Beñat Apalategi, Lander Arbelaitz eta Malen Gainzarain.

18:00, 'Haur Besoetakoa IV'. Unai Iturriaga eta Sanvi.

18:30, 'Zeruaren margolaria'. Saioa Maritorena.

19:00, 'Itsasoaren ahutzak'. Jon Alonso.

19:30, 'Jende modernoa'. Bertol Arrieta, Helena Azkarragaurizar.

21:00, Bertso afari marraztua, Santa Barbara elkartean.

AZAROAK 21, larunbata

11:00, Azokaren irekiera.

12:00, Joseph Camino saria, Patxi Huarte 'Zaldieroa'ri.

12:30, Dzirt-dzart marrazketa saioa. Asisko eta Eider Eibar.

17:00, 'Karakola eta barea'. Ainara Azpiazu 'Axpi'.

17:30, 'Ardi eta behi'. Mikel Valverde.

18:00, 'Joana Albretekoa'. Garazi Albizua eta Olga Carmona.

18:30, 'Eneayz'. Begoña Durruty.

19:00, 'Odol guztiak burdin gustua du'. Gregorio Muro eta Carlos Varela.

19:30, 'Aton: haritzaren itzal handia'. Mikel Begoña eta Gaston.

 

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!