Marka saiakera Malen Barrenetxea hernaniarrak, azaroaren 14an

Julen Borreguero Fernandorena

Kanako enbor bat ebakitzeko ahalegina egingo du, Barrenetxeak.

Kanako enbor bat ebakitzeko ahalegina egingo du 17 urteko gazteak, Tilosetan.

 

Egutegian finkatu du data garrantzitsua Malen Barrenetxea aizkolari hernaniarrak. 17 urteko gazteak marka saiakera egingo du azaroaren 14an (larunbata), eguerdiko 12:00etan, Tilosetan (euria eginez gero, kiroldegiko frontoian). Eta ez du erronka makala izango Barrenetxeak, ahaleginduko baita kanako enbor bat ebakitzen.

Eta ez da hor bukatuko ekitaldia Tilosetan, herri kirolari sorta aparta izango baita lanean. Erakustaldia osatuko dute ondorengoek: Aizkoran Nerea Arruti, Julen Gabirondo, Jokin Urretabizkaia 'Basozabal', Eneko Saralegi, Oier Mitxelena II, Ander Altuna 'Etxeluze', Ioan Goikoetxea eta Harri Mitxelena III; harrijasotzen Beñat Telleria eta Xabat Ruiz; eta trontzan, ingudean zein txingatan Aitziber Martiarena eta Maitane Lasarte. 

Emanaldia irekia izango da publikoarentzat, doako sarrerarekin. Badute plan polita beraz hernaniarrek zein ondoko herrietatik hurbiltzen direnek, azaroaren 14ko (larunbata) eguerdiaz gozatzeko, baita Malen Barrenetxea hernaniarrari animoak emateko ere.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!