Hernanik nagusitasunez menderatu du Valentzia (43-19), erasoko bonusa ere lortuta

Beñat Los Arcos Ayerdi

Trikoloreek joko azkarra baliatu zuten bost puntuak eskuratzeko, eta hirugarren postura egin dute gora sailkapenean.

Bolada onari bete-betean heldu dio Hernanik, eta hirugarren garaipena segidan pilatu zuen atzo eguerdian, Valentziari nagusitasunez irabazita (43-19). Etxean geratu ziren bost puntuak, eta horrekin, koxka bat egin du gora Hernanik (13 puntu), Ohorezko Elite Mailako sailkapenean: hirugarrena da orain, Gernikaren (17) eta Getxoren (16) atzetik.

Garbi zeukaten hernaniarrek egin beharrekoa, eta hasieratik gauzatu zuten bikain. Indarra baliatuz ahalegindu zen aurrera egiten Valentzia, baina haien saiakerei ondo eutsi, eta bere arma nagusiak baliatu zituen, baloia azkar mugituta. Bosgarren minutuan lortu zuen aurreneko entsaioa horrela: Beñat Arizetak borobildu zuen taldearen jokaldi azkarra (7-0).

Halaxe izan zen hortik aurrera ere. Korrika egiteko zirrikitu bat topatu zuen bakoitzean, ederki baliatu zuen Hernanik. Horren adibide bikaina izan zen Ibon Gonzalezen bigarren entsaioa, 10garren minutuan. Aurreneko defentsa lerroa bikain gaindituta, beste bi kontrario utzi zituen atzean korrika, marrara iristeko (14-0). Handik gutxira gauzatu zuen zigor kolpe bat Arizetak, eta valentziarrak mareatzen jarraitu zuten trikoloreek, oso erritmo bizian jokatuta. Apenas gainditu zuten zelai erdia kontrarioek, baina 25garren minutuan baliatu zuten Hernaniren akats bakarretako bat, eta trikoloreen hirugarrena zirudiena valentziarren aurreneko entsaio bilakatu zen (17-5).

Edonola ere, bere jokoari eutsi zion Hernanik, kontrarioari min haundia eginez, baina gehiago kosta zitzaion jokaldiak errematatzen azkeneko metroetan. 35garren minutuan bai, lortu zuen hirugarren entsaioa Mikel Perezek, Anartz Elosegirekin batera osatutako jokaldia borobilduz (24-5).

Eta laugarrena ere lortu zuen berehala Ibon Gonzalezek berak, ezker hegalean borobilduz taldeak alderik alde landutako jokaldia (31-5).

Aurreneko zatian partidua bideratu ondoren, sendotasun horri eutsi zion Hernanik bigarrenean, eta berriro ere abiadura baliatuz lortu zuen bosgarren entsaioa 60garren minutuan, Joseba Diaz de Mendibilen eskutik (38-5). Berehala erantzun zuten valentziarrek, bigarren entsaioarekin; eta gidoi horixe bera errepikatu zen azkeneko bost minutuetan: Mikel Perezek seigarren entsaioa Hernanirentzat, eta segidan hirugarrena Valentziak.

Partiduko azkeneko jokaldian, ondo eten zuten valentziarren saiakera trikoloreek, garaipena ez ezik erasoko bonusa ere eskuratzeko (43-19).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!