Hernaniko ur-zerbitzuan gorabeherak, obrengatik

Julen Borreguero Fernandorena

Hernaniko ur-hornidura sarean egiten ari diren lanengatik, astelehenetik astearterako gauean, urriaren 27ko 00:00etatik 04:00etara zehazki, Hernaniko edateko uraren zerbitzuan «presio falta edo eten puntualak» gerta daitezkeela iragarri du Udalak. 

Añarbeko Urakek eta Hernaniko Udalak sinatutako hitzarmenaren baitan, herrigunearen zati haundiena hornitzen duen Orkolagako biltegian «ponpaketa berri bat eraiki behar da». Etorkizunean, ponpaketa horrek ura bultzatuko du Juanantoneneako ur-biltegi berriraino. 

Gauza da Orkolagako ur-gordailuaren irteerako hodian txertaketa bat egin behar dela, eta «beharrezkoa da ur-mozketa orokorra egitea». Lan horiek, esan bezala, astelehenetik astearterako goizaldean egingo dira, «ur-eskaera txikiena egoten den orduetan, zerbitzuan ahalik eta eragin txikiena izateko». Zehazki, mozketa urriaren 27ko 00:00etan hasiko da, eta 04:00ak arte luzatuko dela aurreikusi dute. Ordu horietan, beste biltegi bat erabiliz zerbitzua emango du Udalak, baina «gorabehera puntualak gerta daitezke».

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!