Laburra bai, baina ez xamurra. Korrika saio exijentea izango dute gaur, Argitxo Trail lasterketaren estreinako edizioan parte hartzera animatu diren korrikalariek. Eta ez dira gutxi izango, dozenaka lagunek eman baitute izena, Kontrakantxa gaztetxeak antolatu duen probarako.
Goizeko 11:00etan abiatuko dira Hernaniko Plazatik, eta 7,1 kilometroko ibilbidea osatuko dute korrikalariek, Santa Barbarako tontorreraino igota, eta Plazan bertan bukatuta.
7,1 kilometroko ibilbide aldapatsua, mendi bidea eta asfaltoa tartekatuz
Aldapatsua da ibilbidea, eta 300 metroko desnibel positiboa pilatuko dute. Plazatik abiatuta, Txantxillara igoko dira, eta peatonaletik Arrobi ostaturako bidea hartuko dute zuzenean. Mendi bidetik igoko dira Saretxora, eta zuzenean Santa Barbarara igo beharrean, asfaltotik inguratuko dute Elutxetako kruzeraino, hormigoizko aldapatik igotzeko ermitara. Argitxoren irudiaren ondotik pasa, eta ermitaren atzeko mendi bidetik abiatuko dira beherantza, eskalatzeko gunetik pasatzeko. Elutxetako aldapan behera abiatuko dira asfaltotik, eta bidetxurretik lakuraino iritsita. Institutura dijoan bidexka hartuko dute bertatik, Lizeaga kalera azaltzeko. Kalea goitik behera pasako dute ziztu batean, eta Atzietatik Zinkoeneara jaitsi beharko dute gero. Izan ere, Kale Nagusian gora bukatuko dute.
Lanak osatuta eta sariak banatu ondoren, ederki ospatuko dute denek, Tilosetan egingo duten bazkariarekin.