Ligako etenaldiak ez ditu itzali Hernaniko jokalarien motibazioa eta zaleen ilusioa, eta hirugarren garaipenaren bila ariko dira elkarrekin, gaur eguerdian, Ohorezko Elite Mailan. Trikoloreek etxean jokatuko dute hiru asteren ondoren: Valentzia izango dute bisitari Landaren, eguerdiko 12:00etan hasita.
Ligari hasiera bikaina eman diote trikoloreek, Getxoko porrotari azkar eman baitzioten buelta, hurrengo biak irabazita: Bartzelonaren kontra Landaren, eta Sant Cugaten duela bi aste. «Oso sentsazio onekin» bukatu zuten aurreneko blokea, helburua beteta: «Etxeko partidua irabazi, eta kanpoan punturen bat eskuratu nahi genuen», azaldu du Anartz Elosegik. Punturen bat baino, garaipen ederra ekarri zuten Katalunia aldetik.
Horri segida eman eta hirugarrena lortu nahi dute gaur. Baina oso bestelako partidua izango dute horretarako. Trikoloreen antzeko taldea bada Sant Cugat, juxtu alderantzizkoa da Valentzia: indar, kilo eta potentzia askokoa. Gauzak horrela, hernaniarrek garbi daukate «partidu gogorra» izango dutela, baina baita egin beharrekoa ere: «Ezin dugu beraien jokoan sartu, partidu motela eta kontaktukoa gustatzen baitzaie. Partiduari erritmo bizia jarri behar diogu, beraiek ahalik eta gehien mugitzeko, nekatu daitezen. Horrela, bigarren zatian, nekatuta daudenean, saiatu behar dugu errematatzen eta partidua gure aldera ekartzen», dio Elosegik.
Erritmo biziarekin batera, zaleen babesa izango dute ezinbesteko beste tresna, garaipena eskuratzeko: «Gogotsu gaude, etxean jokatzea delako gustatzen zaiguna, zaleen aurrean. Asko dira Landarera jaisten direnak, eskertzen dugu beraien indarra, eta igande honetan ere beharko dugu haien laguntza», adierazi du kapitainak.