Gaur botako da aurtengo azken txupinazoa, Hernaniko auzoen festa zikloari amaiera borobila emateko. Txantxillako festak ospatuko dira gaur eta bihar: beroketa modukoa izango da gaurkoa, eta biharko hamaika jarduera prestatu dituzte, haur, gazte eta helduentzat.
Horrela, arratsaldeko 18:30etan botako dute txupinazoa, festei hasiera emanez eta 19:30etan hasiko da pintxopotea, Jai Batzordearen txoznan eta Txantxilla kafetegian. Eguna borobiltzearen eta giroa jartzearen arduraduna izango da Andoni Ollokiegi, urtero lez, bere musikarekin, 20:00etatik aurrera. Pasaitarra ohiko gonbidatua da Txantxillako festetan; normalean larunbatean eskaintzen du musika saioa, aurten, aldiz, ostiralez egingo du.
Eta biharko, haurrak deskantsatuta egotea komeni da, 10:30etan lasterketa baitute, baita altxorraren bila eta puzgarriak ere, 11:00etan biak. Helduentzat sagardo dastaketa izango da, pintxoekin batera, 12:00etan hasita, eta bazkalostean bingo musikatuaz gozatzeko aukera ere izango da. 18:00etako txokolatadaren ostean, festetako ekitaldi erakargarriena den Arimen kalejiraren txanda izango da, Hernaniko dultzaina taldearen laguntza izango duena. Amaiera trakaren aurretik, Sutargi erromeria taldeak jarriko ditu auzotarrak dantzan, 20:00etan.
TXANTXILLAKO JAIAK
EGITARAU OSOA
GAUR, ostirala
18:30, Txupinazoa eta festen hasiera.
19:30, Pintxopotea, Jai Batzordearen txosnan eta Txantxilla kafetegian.
20:00, Andoni Ollokiegi.
BIHAR, larunbata
10:30, Haurren lasterketa.
11:00, Altxorraren Bila.
11:00, Puzgarriak.
12:00, Sagardo dastaketa eta pintxoak.
14:30, Bazkaria.
16:30, Bingo musikatua.
18:00, Txokolatada, haurrentzat.
19:00, Arimen kalejira, Hernaniko dultzaineroekin.
20:00, Sutargi erromeria.
Ondoren, Amaierako traka.