Larunbat honetan izango da Argitxo Trail mendi lasterketaren lehenengo edizioa, eta gaur da izena emateko azken eguna

Julen Borreguero Fernandorena

Korrikalariak Santiomendi auzoan zehar, Basatrailen lehen edizioan.

Lasterketak 7 kilometroko ibilbidea du, Santa Barbaran barrena. Izenematea egin behar da kronoak.com atariaren bitartez.

 

Argitxo Trail lasterketaren lehenengo edizioa jokatuko da etzi (urriak 24), Kontrakantxa Gaztetxeak antolatuta. 11:00etan abiatuko dira korrikalariak Hernaniko Plazatik; Santa Barbarako tontorreraino igoko dira; eta berriro ere Plazara itzuliko dira, 7 kilometroko ibilbidea osatuz. 300 metroko desnibel positiboa du, eta asfaltoko zein mendiko bideak tartekatuko ditu.

Parte hartu nahi duenak eta oraindik apuntatu ez denak, badu aukera, baina kontuan izan dezala gaurkoa dela azken eguna, izena emateko. Kronoak.com webgunearean bidez burutu behar da izenematea, eta ordaindu behar dira 8 euro, lasterketan parte hartzeko. 300 lagunentzako tokia dago, gehienez ere.

Izena ematen dutenek, inprimaki bat jasoko dute posta elektronikoz. Horretan, eskainiko zaie lasterketako kamixeta eta bazkariko txartela eskuratzeko aukera. Kamixeta bakarrik nahi izanez gero, 8 euro gehiago ordaindu behar dira; eta kamixeta ez ezik, bazkariko txartela ere eskuratuta, 12 euro ordaindu behar dira. Bazkariko txartela soilik nahi izanez gero (kamixetarik gabe), 6 euroan eskuratu ahal izango dute korrilakariek.

Gainera, egun horretan beste modu batera parte hartzeko aukera ere zabaldu dute. Boluntario gisa aritu nahi dutenak, whatsappeko taldean sartu daitezke, helbide honetatik: labur.eus/argitxotrailboluntarioak.

Bazkaria Tilosetan izango da, 14:30etan hasita, Gaztetxearen Pistoletazo Egunaren baitan. Bazkalostean, gainera, mojitada ere egingo dute. Eta Argitxo Trailen ateratzen ez direnek ere izango dute bazkarira joateko aukera. Txili eta Kide tabernetan dauzkate tiketak salgai, 8 euroan.

 

Urteko bigarren estreinaldia, Basatrailen ondoren

Ez da Urumea bailaran aurten estreinakoz egingo den mendi lasterketa; izan ere, Astigarragako Basatrail lasterketaren lehenengo edizioa izan zen pasa den irailean, ibilbide motzarekin (8 kilometro, 400 metroko desnibel positiboa) zein luzearekin (17 kilometro, 760 metroko desnibela), Santiomendin barrena. 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!