Izenematea datorren astean, 2027ko maiatzean Siziliara bidaia egiteko

Beñat Los Arcos Ayerdi

Catania hiria, atzean Etna sumendia duela. Bi horiek bisitatuko dituzte aurrena.

Zortzi eguneko bidaia egingo dute maiatzaren 28tik ekainaren 4ra, eta datorren astelehenetik ostiralera eman beharko da izena joateko.

Bidaia potentea prestatu du Goiz Eguzkik, datorren urterako: Siziliara joango dira, 2027ko maiatzaren 28tik ekainaren 4ra, zortzi eguneko bidaia eginez; eta makina bat txoko ezagutuko dituzte irlan: Catania, Etna, Siracusa, Piazza Armerina, Agrigento, Palermo, Monreale, Cefalú...

Bidaian parte hartu nahi duenak, datorren astean bertan eman beharko du izena, astelehenetik ostiralera; urriaren 26tik 30era, alegia. Izena emateko momentuan 50 euro ordaindu beharko dira, hegaldia ziurtatzeko; eta aurreratu dute 1.899 eurokoa izango dela bidaiaren prezioa. Goiz Eguzkiko bulegoan apuntatu beharko da.

Goiz Eguzkiko Telegram kanala, martxan

Goiz Eguzkitik jakinarazi dute, bestalde, Telegram kanala jarri dutela martxan, bazkideei komunikazio guztiak zabaltzeko. Izan ere, duela egun batzuk jakinarazi zieten moduan, elkarte­aren WhatsAppeko kontua blokeatu zieten atzo, eta Telegram aplikaziora mugitu dute komunikazioa. Hori horrela, aplikazioa ez daukatenei, lehenbailehen instalatzea eskatu diete, «elkartearen informazioa, oharrak eta azken berriak jasotzen jarraitu ahal izateko». Behin Telegram instalatuta, esteka bat bidaliko diete Telegrameko Goiz Eguzkiko kanalera batzeko.

Zalantzaren bat izanez gero, jubilatuen egoitzako bulegora bertaratuta lagunduko diete.

Igone Etxeberriaren hitzaldia zahartzeaz, azaroaren 4an

Azarorako jarduera baten berri ere jakinarazi dute dagoeneko. Izan ere, Igone Etxeberriaren hitzaldia izango da azaroaren 4an, asteazkenarekin. Goiz Eguzkiko areto nagusian izango da, arratsaldeko 18:00etan hasita; eta zahartzea hartuko du hizpide Etxeberriak: 'Aukeratu dezakegu nola zahartzen garen?'. Psikologian doktorea eta EHUko irakaslea da Etxeberria, eta hainbat ikerlan egin ditu zahartzeari eta adineko pertsonen funtzionamendu emozionalari eta ongizateari buruz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!