Txantxillako Jaiek jarriko diote errematea, auzoetako festa zikloari

Beñat Los Arcos Ayerdi

Auzoko gaztetxoak, arima bihurria hartuta, iazko jaiei hasiera emateko.

Ostiralean hasiko dira, pintxopotearekin eta Andoni Ollokiegiren kontzertuarekin; eta larunbatekoa izango da egun haundia.

 

Beste urte batez, Txantxillako Jaiek izango dute ardura, Hernaniko auzoetako festa ziklo luzeari bukaera borobila emateko. Asteburu honetan ospatuko dituzte, ostiral arratsaldean hasi eta larunbaterako egitarau potoloa prestatuta.

Auzoan ohikoak diren bi hitzordurekin emango diete hasi­era festei. Batetik, pintxopotea egingo dute, plazan jarriko duten txosnan eta Txantxilla kafetegian. Eta bestetik, ez du hutsik egingo Andoni Ollokiegi musikari eta abeslariak, eta Txantxillan izango da beste behin. Hori bai, aurrekoetan larunbatari jarri izan dio errematea, eta oraingoan festen hasiera girotzeko ardura hartuko du pasaitarrak.

 

Ohiko jarduera potoloak, larunbatean zehar

Ostiraleko beroketaren ondoren, larunbatekoa izango da egun nagusia, aurtengoan ere. Goizetik gauera, egun osoan zehar izango dira Txantxillan ohikoak diren jarduera potoloak. Horietako bat da egunari hasiera emango diona, haurren lasterketa, 10:30etan hasita. Jolaserako tartea izango dute gaztetxoek ondoren, Altxorraren Bilarekin eta puzgarriekin. Helduak, berriz, sagardo dastaketaren, auzo bazkariaren eta bingo musikatuaren zain izango dira goizean goizetik.

Baina haur eta heldu elkartuko dituen hitzordu bereziena iluntzean izango da: Arimen kalejira egingo dute 19:00etan, dul­tzaineroen laguntzaz. Sutargi taldearekin dantzan bukatuko dituzte aurtengo festak.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!