Zaintzaldia ospatuko dute datorren astean zehar, Hernaniko txoko ezberdinetan, «zaintzen duten komunitateak praktikan jartzeko eta bizilagun sareak indartzeko. Sinetsita gaude besteekiko zein inguruarekiko dugun keinu berri txiki bakoitzak laguntzen digula Hernani bizigarriagoa sortzen. Animatu eta egin zaitez auzozain!», adierazi dute Auzozaintza saretik eta Eltzekoa zaintza talde herritarretik.
Bihar eguerdian egingo dute Zaintzaldiaren hasiera ekitaldia, 12:00etan Sandiusterrin. Bideoa aurkeztu eta auzozanei eskertza egingo diete bertan. Arratsalderako, berriz, Karkaban jarri dute hitzordua, 18:00etan hasita: elkarzaintzarako laburmetraiak jarriko dituzte.
Asteazkenean izango da hurrengo zita, 17:30etan Goiz Eguzkin. Saio informatiboa egingo dute bertan: 'Auzozain izan nahi duzu?'. Aditzera eman nahi dute, elkarzaintzarako bizilagun inplikatuak behar dituztela.
Eta bukatzeko, Plaza Berrin egongo dira datorren larunbatean, Burujabetzen Egunaren baitan, 11:00etatik 13:30etara Hernani Burujabeko eragileen azokan.
Plan konpletoa larunbatean, Burujabetzen Egunean
Egun osoko plana izango da larunbatekoa, Hernani Burujaberen bosgarren urteurrena behar bezala ospatzeko. Goizean zehar, Plaza Berriko azokan hartuko dute parte Hernani Burujabeko eragileek zein beste hainbat elkartek (Amher, AEK, Zero Zabor, LAB, ELA...), eta haurrentzako txokoa ere izango da, Kanika aisialdi taldearen eskutik.
Azoka martxan den bitartean, 11:15etan mahai ingurua izango da Hernani Burujaberen bosgarren urteurrenari buruz, eta 12:00etan hitzaldia eskainiko dute Kaleko Afari Solidarioak ekimeneko ordezkariek. Hitzaldia bukatutakoan, hamaiketakoa izango da Herrilurren eskutik, eta kontzertua eskainiko du Nahia Valle musikari hernaniarrak. Eta 13:00etan, azkenik, agerraldia eta argazki bateratua egingo dute, bost urte hauetan prozesuaren parte izan diren eragileekin.
Bertatik Santa Barbara elkartera mugituko dute ospakizuna, bazkaria egingo baitute bertan. Txartelak salgai daude Garinen eta Kiden. Arbasoak taldeak girotuko du bazkalostea, eta Patxangoi elektrotxaranga ibiliko da herriko kaleetan barrena, arratsaldeko 18:30etatik aurrera.