Datorren astean izango da Asteklima (Klima eta Energiaren Astea), urriaren 19tik 23ra zehazki. Eta Hernanin ere izango du oihartzuna ekimenak, «ekintza klimatikoaren aurrean konprometitutako herria baikara». Horrela, herrian bi kale erakusketa izango dira ikusgai, baita film emanaldiak ere, Biterin.
Erakusketen kasuan, lehenik eta behin, Zinkoeneako biribilgunean jarriko dituzte urtarriletik irailera Urumea ibaian egindako garbiketetan bildutako hondakinak, «giza-jarduerak tokiko ekosistemetan duen inpaktua ikusarazteko eta herritarrengan ingurumen-kontzientzia sakona sortzeko» helburuarekin. Bestetik, Plazan, Uxue Lasa artistak eta aktibistek egindako esku-hartze artistikoa izango da, Udalak eskaintzen duen tamaina haundiko hondakinen bilketa zerbitzutik jasotako objektuekin egindakoa.
Halaber, hilaren 20an Biterin eskainiko dira klimaren gaiari lotutako film labur eta luze bana, 19:00etan hasita eta doan. 'Haolout' dokumentalak dakar pantailara Siberiako Artikoan isolatuta bizi den itsas biologo bat. Eta 'Flow' animazio filma jarriko dute gero. Elkarrizketarik gabekoa da, kolapso ekologikoari, erresilientziari eta animalia-lankidetzari buruzkoa. 'Flow' filmak, gainera, 2025eko animaziozko film onenaren Oscar saria jaso zuen.