Xabier Lertxundik Hernaniko alkatetza utziko du legegintzaldia bukatutakoan

Beñat Los Arcos Ayerdi

Xabier Lertxundi alkatea, Hernaniko udaletxeko bulegoan.

Hernaniarra ez da aurkeztuko 2027ko udal hauteskundeetan, gaur bertan aditzera eman duenez. 12 urteko ibilbidea amaituko du horrela.

Alkate aldaketa izango da Hernaniko Udalean, datorren urte­an. Izan ere, Xabier Lertxundi ez da aurkeztuko 2027ko udal hauteskundeetan, Hernaniko EH Bil­­duk gaur arratsaldean aditze­ra eman duenez. Horrela, 12 urteko ibilbideari bukaera emango dio hernaniarrak, legegintzaldia bu­katutakoan: zinegotzi gisa aritu zen aurreneko lauetan, eta alkate izan da azkeneko bi legegintzaldietan, 2019tik gaur arte.

Ekainera bitarte alkate lanetan jarraituko duen, alderdiari jakinarazi dio ez dela EH Bilduren hautagaitzara aurkeztuko. Bere agurra iragartzeko adierazpenean, Lertxundik azaldu du «beti helburu berarekin» aritu dela lanean, zinegotzi zein alkate gisa: «Herria eta herritarren ongizatea hobetzea». Era berean, eskertu nahi izan du «urte hauetan guztietan jasotako babesa. Batetik, EH Bilduri eta militanteei, egiteko modu hau aurrera eramateko nigan jarritako konfiantzagatik. Bestetik, zerbitzu publikoan sinetsi eta egunero hala jarduten duten udal zerbitzu desberdinetako langileei. Herritarrei eta eragileei, zuen ondoan ikasi dudanagatik eta daukagun herria edukitzeko egunero egiten duzuen lanagatik. Eta nola ez, urte hauetan guztietan taldekide izan zaituztedan bakoitzari, zuek gabe hau guztia ez litzatekeelako posible izango».

Hernaniko EH Bilduk, bere aldetik, «esker ona» adierazi nahi izan dio alkateari, «12 urte hauetan egindako ekarpenagatik». Zentzu horretan, bereziki azpimarratu nahi izan du Lertxundik «azkeneko bi legegintzaldietan hartutako ardura, errealitate anitzeko eta erronka askotariko bidean ezinbestekoa izan delako bere gidaritza», alderdiak aditzera eman duenez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!