Sarrerak salgai, Olentzeroren eta Maridomingiren etxerako

Julen Borreguero Fernandorena

Eskutitzak eman ahal izango dizkiete gaztetxoek, Olentzerori eta Maridomingiri.

Urtero lez, Doberak hainbat saio antolatu ditu: abenduaren 5ean, 12an, 13an, 19an eta 20an, Arriatsun. 

 

Gero eta gertuago ditugu Gabonak, eta aurten ere Hernaniko Dobera Euskara Elkarteak antolatu ditu Olentzeroren eta Maridomingiren etxearen hainbat saio. Horrela, Galtzagorri Bordan etxeko txikiek izango dute Olentzero eta Maridomingi gertutik ezagutzeko aukera, Arriatsun: abenduaren 5ean, 12an, 13an, 19an edota 20an. Egun bakoitzean lau saio eskainiko dira, 10:00etan, 11:30etan, 16:30etan eta 18:00etan.

Ordubete inguruko saioak izango dira, zeinetan gaztetxoek entzun ahalko dituzten Olentzeroren eta Maridomingiren istorioak; euren eskutitzak eskura emateko aukera ere izango dute. Txokolate beroa ere izango da.

Atzo ireki zen sarreren salmenta, bezero guztientzat. Urtero bezala, Doberako bazkideek izan dute aukera sarrerak aurretik erosteko (bazkide bakoitzak etxekoentzako sarrerak eskuratu ahal izan ditu). Horrela, lehendabizi gaztetxoentzako (2025-2014 artean jaiotakoak) sarrerak erosi behar dira, dobera.eus atarian, 12 euroan, eta aurrerago bidaliko die Doberak mezu bat, helduek haien sarrerak erosi ahal izateko. 0-1 urte bitarteko haurrek ez dute sarrerarik behar. Saio bakoitzean, gehienez, 20 gaztetxo (1-12 urte bitartekoak) sartu ahalko dira.

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!