Bakailu Astea bukatzear da, baina aurtengoan era ezberdin batean emango diote amaiera borobila: Topa! Sagardo Eguna izango da larunbatean (urriak 17), Plaza Berrin. Hernaniko Udalak, Berriakek eta Euskal Sagardoak antolatu dute ekitaldia. Horrela, Hernaniko sagardotegiek eta tabernek bikoteak osatuko dituzte, eta bakailua abiapuntu bezala hartuta, prestatu eta eskainiko dituzte pintxoak.
Parte hartuko duten sagardotegiak izango dira Alberro, Altzueta, Goiko Lastola, Iparragirre, Itxas-buru, Olaizola, Rufino eta Zelaia; eta tabernak, berriz, Andrekale 21, Aralar, Guria, Harresi, Kixkal eta Tripontzi.
Edalontziak balioko du 8 euro, baina itzuliz gero, bi euro bueltan jasoko dira (beraz, edalontzia bueltatuz gero, 6 euroko prezioa ordainduko da). Bestalde, pintxo bakoitzak balioko du 2,5 euro, baina 12 euro ordainduta, 6 pintxo eskuratu ahalko dira.
Sagardo eta pintxo dastaketa girotzen ariko dira Eneko eta Oritz trikitalariak, baita Arbasoak musika taldeko kideak ere. Gainera, eguerdi partean, 12:00ak aldera, Bakailu Asteko pintxo lehiaketaren sari banaketa egingo dute 14garren edizio honi amaiera emateko.