Emakumeen izen propioak erdigunean, aurtengo Hariak zinemaldian

Julen Borreguero Fernandorena

Udaleko eta Amher-eko ordezkariak izan ziren Hariak zinemaldia aurkezten.

Azaroaren 5ean hasiko da, eta 15ean bukatu. Ostegunetik igandera izango da dokumentalik bitarte horretan, Kulturarteko Plaza Feministan.

 

Hariak erresistentzia istorioen zinemaldiaren bosgarren edizioa ospatuko da azaroaren 5etik 15era, Kulturarteko Plaza Feministan. Asteartean aurkeztu zuten aurtengoa, Itsaso Lekuona Lankidetza zinegotziak, Irantzu Jauregi teknikariak, eta Amher elkarteko Su Hernandezek. 

Lekuonak azaldu zuen «munduan gertatzen diren errealitateak ikusarazten» dituela zinemaldiak, eta «errealitate horien aurrean gertatzen diren erresistentziei ahotsa ematen ahalegintzen» dela. Aurtengoa, gainera, «izango da emakumeen izan propio askoko» edizioa: «Izen propioak pantailara eramateko ariketa da aurtengoa. Horrez gain, emakumeek komunitatea sortzeko duten ardurari buruz ariko gara, baita memoria jasotzeari buruz ere», dio Lekuonak.

Horrela, hilaren 5etik 15era, ostegunetik igandera izango dira proiekzioak KPFn, saio bikoitzekin larunbatetan; eta dokumental bakoitzaren ondoren izango da solasaldi bat, dokumentalaren beraren protagonistekin. Sarrera doakoa da.

 

Afrikako oihalak ikusgai, KPFn

Hariak zinemaldiak irauten du­en bitartean, urtero lez, erakusketa bat ere izango da KPFn. Aurtengoan Afrikako oihalei buruzkoa izango da, eta «oihal horiek atzean dituzten hariak eta istorioak ikusarazi nahi ditu erakusketa honek».

 

HARIAK ERRESISTENTZIA ISTORIOEN ZINEMALDIA

AZAROAK 5, osteguna

18:00, Dokumentala: 'Hutsune handi bat'. Euskal Herria, 62 minutu. Heroinak eta HIESak eragin zuten minaren memoria kolektiboa jaso nahi izan du.

Ondoren, Solasaldia: Anne Zufiaur gaiaren ikertzailea eta Alex Areizaga dokumentalaren zuzendaria.

AZAROAK 6, ostirala

18:00, Dokumentala: 'Cómo construir una biblioteca'. Kenia, 103 minutu. 1958ra arte zurientzako soilik zen liburutegi bat kultur-gune bizi bihurtzea erabaki dute Nairobiko bi emakume ausartek.

Ondoren, Solasaldia: Mamadou Moustapha Ngom Dieng (Marra Junior), Euskal Herriko Mugimendu Panafrikarreko sortzailea eta kidea.

AZAROAK 7, larunbata

11:00, Dokumentala: 'Ellas en la ciudad'. Andaluzia, 70 minutu. Sevillako periferiako auzoetako lehen biztanleak dira protagonista.

Ondoren, Solasaldia: Dokumentaleko protagonista diren Marisa Calvo Azpeitia eta Natividad Asuero Sanchez.

18:00, Dokumentala: 'Black Water'. Bangladesh, 82 minutu. Lokhik eta bere familiak etxea utzi eta Dhakara emigratu behar dute, itsas-mailaren gorakadarengatik.

Ondoren, Solasaldia: Lorea Flores, Hego Euskal Herriko Greenpeaceko koordinatzailea.

AZAROAK 8, igandea

18:00, Dokumentala:
'Sustraiak'. Euskal Herria, 73 minutu. Hiba, Bachir eta Manan gazteen istorioa da. Beren herrialdeetatik adingabeak zirenean migratu zuten, eta heldu baten laguntzarik gabe iritsi ziren Nafarroara.

Ondoren, Solasaldia: Dokumentalaren zuzendaria, Luis Arrieta, eta Bachir, protagonistetako bat.

AZAROAK 12, osteguna

18:00, Dokumentala: 'Lutxi eta Luhaitza'. Euskal Herria, 81 minutu. 1987an Guardia Zibilak tiroz hildako Luzia Urigoitia ETAko kidearen kasua abiapuntu hartuta, memoria politikoaren inguruko gogoeta zabala egiteko parada da.

Ondoren, Solasaldia: Lander Garro, zuzendaria.

AZAROAK 13, ostirala

18:00, Dokumentala: 'Igualada'. Kolonbia, 81 minutu. Frantzia Marquezen historia kontatzen du, afrikar jatorriko aktibista eta ingurumen-lider kolonbiarra.

Ondoren, Solasaldia: Omaira Castellanos, kolonbiar jatorriko hernaniarra eta giza eskubideen defendatzailea.

AZAROAK 14, larunbata

11:00, Dokumentala: 'Promis le ciel'. Tunez, 92 minutu. Marie, Naney eta Jolie elkarrekin bizi dira Tunezen. Etxean hartzen dute Kenza, naufragio batean bizirik ateratako 4 urteko haurra.

Ondoren, Solasaldia: Ebou Marguerite Ido Akoaleko Burkina Fasoko kulturarteko bitartekaria.

18:00, Dokumentala: 'Writting Hawa'. Afganistan, 84 minutu. Hawak, haurra zenean ezkontzera behartu zutenak, bizimodu independente bati ekiten dio eta 52 urterekin irakurtzen eta idazten ikasten du.

Ondoren, Solasaldia: Safura Khwarazmi, bere bizipenetatik abiatuta, Afganistango emakumeen egoeraz ariko da.

AZAROAK 15, igandea

18:00, Dokumentala: 'Norita'. Argentina, 88 minutu. Nora Morales de Cortiñasen biografiako pasartea. Mandatu patriarkala gaindituz, bere semea bilatzen hasten den emakumearen borroka.

Ondoren, Solasaldia: Celeste Agüero, aktibista anti-arrazista argentinarra.

 

 

 
 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!