Alicia de los Riosen hitzaldia, Mexikoko giza-eskubideen egoeraz

Julen Borreguero Fernandorena

Alicia de los Rios.

Abokatua eta historian doktorea; politikaria zuen ama, desagertu zena Alicia gaztetxoa zenean. 

 

Hitzaldia eskainiko du gaur Alicia de los Rios abokatu eta historialari mexikarrak, Hernani Munduari Begira ekimenaren baitan. Politikaria zuen ama: «Alicia jaioberria zela, klandestinitatean zegoen amak izebaren esku utzi zuen. Aiton-amonek haien alaba gisa erregistratu zuten, amaren izen-abizenekin. Geroztik, desagertuta dago ama. Mexikon desagertutako ekintzaileetako bat da. 50 urte pasata, Mexikoko Estatuaren ardura aitortzea lortu duen lehen kasua da». Mexikarra Kulturarteko Plaza Feministan mintzatuko da, 18:00etan, 'La contrainsurgencia y las violaciones de los DDHH en México, una herida abierta' hitzaldian.

Hitzordu gehiago, datozenetan

Gaurkoaz gain, ekimen berdinaren baitan, datozen egunotan izango da hitzordurik. Lehenik eta behin, bihartik larunbatera (urriak 15-17) izango da topaketa KPFn, 'Tokiko eraldaketak: burujabetzak eta demokrazia komunalak. Nazioarteko eta Euskal Herriko begiradak' izenekoa, Demokrazia Komunalaren Nazioarteko Behatokiak (OIDC) antolatua. 

Bestalde, Topaketa Gastronomikoa antolatu du Amherrek iganderako (urriak 18). Atsegindegin izango da, 12:00etatik 14:00etara, eta 5 euro balio du tiketak. 14:00ak arte iraungo duen arren, arrakasta izan ohi dute jartzen dituzten postuek, haien jatorrizko herrialdeko janariarekin, eta pixka bat berandu joanez gero, agian jakiren bat jada agortuta egongo da. Komeni da, beraz, goiz xamar joatea, 12:00etatik gertu alegia.

Bere jatorrizko herrialdeko jakiekin postua jarri nahi duenak, aldez aurretik izena eman behar du, Amherren egoitzan bertan (Kulturarteko Plaza Feminista, Florida auzoa 28, Hernani) presentzialki, edo 650 29 43 90 telefonora deituta zein WhatsApp bidez mezua bidalita.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!