Bartzelonaren kontrako garaipenak ilusioa piztu zuen, eta asteburu honetan berretsi dute trikoloreek baietz, edonoren kontra lehiatzeko moduan direla aurten ere: 24-40 menderatu zuten Sant Cugat, igandean La Guinarderan; eta sendotasun haundia erakutsi zuten lerro guztietan, erritmo bizi-biziko partiduan.
Kataluniarrak izan ziren aurrea hartzen lehenengoak, zigor kolpe bati esker; baina hortik aurrera hernaniarrak nagusitu ziren jokoan. Defentsan sekulako lana egin zuten partidu osoan zehar, Sant Cugaten saiakerei bikain eutsiz uneoro; eta erasoan jokaldi ederrak kateatu zituzten, abiadura zein taldearen indarra baliatuz. Horrela, zigor kolpe batekin berdindu zuen partidua Beñat Arizetak berehala, eta Iker Eizmendiren entsaio batekin aurreratu ziren trikoloreak. Arizetak ez zuen hutsik egin konbertsioan, ezta atsedenaren aurretik izan zuen beste zigor kolpe batean ere, eta 3-13koarekin bukatu zen aurreneko zatia, azkeneko jokaldian kataluniarren eraso arriskutsuari ezin hobeto eutsita.
Are biziago hasi zen bigarren zatia. Ibon Gonzalezen entsaio azkarrari berehala erantzun zion Sant Cugatek beste batekin, eta Arizetak hirugarren zigor kolpe bat gauzatu arren, gehiago gerturatu ziren etxekoak, bigarren entsaioa lortuta (17-23). Baina orduantxe, 20 minutu falta zirenean, talde bakoitzeko jokalari bana kaleratu zuen epaileak 10 minuturako, eta egoera horretan geldiezin aritu zen Hernani: hiru entsaio lortu zituen, Aiheko Minerren, Telmo Ibaberen eta Markel Lacadenaren eskutik, partidua erabakita uzteko (17-40). Erasoko bonusa ere eskura zeukan orduan, baina azkeneko minutuan egin zion ihes, Sant Cugatek bere hirugarren entsaioa lortuta.
Edonola ere, eskuratutako lau puntuekin, sailkapenean gora egin du Hernanik, laugarren postura. Gernika, Getxo eta Fenix bakarrik dauzka aurretik, lehenengo hiru partiduak jokatuta.