Hezitzaileentzako eta begiraleentzako formakuntza antolatu du Hernaniko Udaleko Nerabe eta Gazteria sailak. Zehazki, haurren babesgabetasun eta zaurgarritasun egoerak identifikatzeko trebakuntza eskainiko zaie hezitzaileei eta begiraleei, arlo teoriko nahiz praktikoan.
Trebakuntza dago pentsatuta adin txikikoekin aritzen diren kirol klub, aisialdi elkarte edota euskera elkarteetako hezitzaileentzat eta begiraleentzat, aktiboki haur zein nerabeekin lanean dabiltzanentzat, alegia; baita etorkizun batean lan horretan jardun nahi dutenentzat ere.
Besteak beste, ondorengo gaiak landuko dira formakuntzan: haurren kontrako indarkeriari dagokionez, indarrean dagoen legeria; haurren ondoezaren eta kaltearen adierazleak; adierazle horien aurrean jarraitu beharreko bideak; haur eta nerabeen beharrak; eta larrialdietako prozedurak.
Bi saiotan banatuta dago ikastaroa; lehenengoa urriaren 30ean izango da, eta bigarrena azaroaren 27an, biak ere Sandiusterrin, 16:00etatik 18:00etara. Izenematea, halaber, zabalik dago, izenaeman.hernani.eus helbidean. Mugatuak dira plazak; beraz, komeni da ahalik eta azkarren ematea izena.
Bestalde, Udalak jakitera eman duenez, Udalekuetako begirale zein hezitzaileek trebakuntza jasotzea «bereziki sustatu nahi da». Horrela, datorren urteetan Udalekuetan lan egiteko irekiko diren lan-poltsetan, «ikastaro honetan parte hartzea berariaz baloratuko da».